Ugartemendia etorkizunekoetan eta Aizpuru nagusietan, garaile Antiguako Txapelketan

Ataria 2021eko irailaren 7a

Larunbatean jokatu ziren 73. Antiguako Pilota Txapelketaren finalak eta horietako bitan eskualdekoak izan ziren protagonistak.

Etorkizuneko mailan, Gorka Ugartemendia atzelari alkizarrak eta Josu Igoa aurrelari nafarrak 11-22 irabazi zioten Oskoz-Santamaria bikote nafarrari. Ugartemendiari, gainera, txapelketan zehar dotoreziaz portatu den pilotariaren saria eman zioten.

Nagusien mailan, Unai Mata aurrelari nafarrarekin batera jokatu zuen Julen Aizpuru atzelari asteasuarrak, eta aurkari eskualdeko beste pilotari bat izan zuten: Aratz Irazustabarrena alegiarra. Azken honen bikotea Hodei Exposito aurrelari astigartarra izan zen. Mata-Aizpuruk 22-19 irabazi zioten Exposito-Irazustabarrenari. Finalean nabarmendutako pilotariaren saria jaso zuen Aizpuruk. 

Argazkiak: ANTIGUAKO PILOTAZALEOK

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!