Euskara ikasteko bideak erraztuz, Aitzol eta AEK euskaltegiak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 6a, 17:48

Euskara ikasi ahal izateko, euskaltegiekin batera, Tolosaldeko udal ordezkariek, Uemak eta Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdera egokitutako eskaintza zabala aurkeztu dute, gaur, Amasa-Villabonan.

Aitzol Udal Euskaltegiak eta AEK euskaltegiak urteetan zehar egin duten lanari esker, gero eta zabalagoa da Tolosaldean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera, eta matrikulazio epea zabalduz aurkeztu dute 2021-2022 ikasturterako eskaintza.

Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari Maixabel Zubillagak eta Andoain eta Tolosaldeko AEK-ko zuzendari Jone Tolosak eman dute eskaintzaren berri, baina alboan izan dituzte eskualdeko zenbait udal ordezkari, Uema eta Galtzaundi Euskara Taldea. Zubillagaren esanetan, «oso garrantzitsua da helduen euskalduntze eta alfabetatzeak eskualdeko elkarte, udal, ikastetxe edo erakundeen babesa izatea».

Helduen euskalduntze eta alfabetatzean lanean dihardute Aitzol Udal Euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k, eta 2021-2022 ikasturtean ere, «zailtasunak zailtasun», ahalik eta eskaintza erakargarriena egin nahi diete Tolosaldeko herritarrei, eta «inoiz baino gehiago, ikasturte honetan herritarren beharretara egokituko den zerbitzua ematen saiatuko gara», azaldu du Tolosak.

COVID-19ak sortutako egoeren aurrean, beharrezko neurri guztiak hartu eta euskaltegiak prest daude egoerak eskatzen duen modura, leku seguruak egokitzeko. «Ezin dugu egoera honetan euskara ikastea bigarren mailan utzi, egoera dena delakoa dela ere, herritarrek euskara ikasteko eskubidea dute» adierazi dute.

AUKERAK ZABALDUZ

Euskaraz zabaldu aukerak! leloa dute udal euskaltegiek ikasturte berrirako. Modu eraikitzaile batean, euskarak aukerak zabaltzen dituela adierazi du zuzendariak: «Hizkuntza izateaz aparte, kultura bat ezagutzeko modua ere bada. Horretaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen dizkigu: sentimentala, pertsonala, lan aukerak ... Hori guztia mahai gainean jartzeko erabiliko dugu gure aurtengo leloa».

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena Aitzolen: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, erretirodun berriek, merkataritzako langileek, zenbait kolektibok... Aurreko urteetan Asuncion ospitaleko langileak, Osakidetzakoak, Uliazpikoak, epaitegikoak... aritu ziren Aitzol Udal Euskaltegian.

Agiri ofiziala nahi duen edonork eman dezake izena, hau da, A1etik hasi eta C2 maila bitartean. Agiri guztiek izango dute HABEk emandako diru laguntza. Horretarako, goizean goiz hasi eta iluntzera arte, 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dituzte, eta aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntza egiteko aukera ere bada Aitzolen.

EUSKARA GERTU

AEK-ren kasuan, Ikasi euskara, bidelagun onenarekin da aurtengo leloa: «Aurten ere irakaslea da kanpainaren ardatza, euskara ikasteko bidelagun onena delakoan», dio Tolosak. Ikasleek gertu izango dituztela irakasleak azpimarratu du, «bidelagun apartak topatuko dituzte gure euskaltegietan, sinetsita baikaude irakasleen motibazio eta pasioa beharrezkoak direla ikasleak ikasprozesuan aurrerapausoak eman ditzan».

Maila guztiak eskaintzen ditu AEK-k, A1etik hasi eta C2ra bitarte, eta eskolak astean bi, hiru edo lau egunez emanez. Azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak aurrez aurre ematen dituzte B1, B2 eta C1 mailetan. Aurrez aurreko eskolak C1 mailara arte eskainiko dituzte eta C2 maila online. Hala ere, autoikaskuntzarako aukera ere izango dute ikasleek.

Guraso taldeak ere eskaintzen ditu AEK-k: haurrak eskolan dauden ordutegian. Talde horien garrantzia azpimarratu dute, «konfinamenduak argi erakutsi baitu zenbait haurrek eskoletara joan ezean euskararekin duten harremana galtzen dutela». Azkenik, etorkinei bideratutako AISA ikastaroak ere eskainiko ditu, euskarara gerturatzeko oinarrizko edukiak irakatsiz.

Guzti honi lotuta, herrietan taldeak osatzeak zailtasunak dituela eta, bereziki zuzendu zaizkie herrian euskara ikasi nahi dutenei. Matrikula epearen barruan egiteko eskatu diete, taldeak osatzen direla ziurtatzeko.

Bukatzeko, eragile guztiek herritarrak euskaltegietara gerturatzea nahi dute: «Beldurrik gabe datozela euskara ikastera!». Galdetu, informatu eta edozein dela ere euskara maila animatzeko deia zabaldu dute.

MATRIKULAZIO KANPAINA

Aitzol Udal Euskaltegia

Izen ematea. Tolosa Aitzol Udal euskaltegian hilaren 22ra bitarte, 09:30etik 13:00etara edo 16:30etik 20:00etara. Aldiz, Amezketa, Asteasu edo Larraulen hilaren 17ra bitarte egin ahalko da, udaletxean.

Diru laguntzak. Tolosako Udalak bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko laguntza ematen die, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Gainerako udalek ere eskaintzen dituzte laguntzak.

Informazio gehiago. aitzolue@tolosa.eus edo 943 65 10 06.

AEK euskaltegia

Izen ematea. Andoaingo AEKren egoitzan hilaren 24a bitartean. Edo, Zizurkil, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Alegia, Ikaztegieta edo Lizartzan, udaletxean eman beharko da, hilaren 17a baino lehen.

Diru laguntzak. Ikasleek udaletatik eta HABE-tik jaso ditzakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!