Indarberrituta itzuli dira

Ataria 2021ko ira. 6a, 12:58

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimendua osatzen duten dozenaka erretirodun bildu dira Tolosako kaleetan, pentsio publiko duinak aldarrikatzeko.

Udako oporrak igaro ondoren ere, ohiturak ez dira aldatu Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduarentzat. Pasa den ikasturtean bezala, gaurtik aurrera, astelehenero biltzeko deia luzatu dute Tolosako Plaza Zaharrean bildu diren erretirodunek. "Premiazko gure aldarrikapenengatik indar handiagoz borrokatzen jarraituko dugu, besteak beste, Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotzen diren murrizketa berriak baztertzea eskatzeko", adierazi dute.

Udazken honetarako bi data azpimarratu dituzte. Batetik, urriaren 1ean, adineko pertsonen egunean, manifestazio berezia egingo dute, euren eskubideak ez direla iraungitzen adierazteko eta zerbitzu publiko unibertsalak eskatzeko. Bestetik, azaroaren 13an, berriz beteko dituzte kaleak, mobilizazioan parte hartu nahi duten erakunde sozial eta sindikalekin batera.

Udak, pentsioei beste kolpe bat emateko balio izan duela nabarmendu dute pentsiodunek: "Gure argudioekin erakutsi dugu Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela, baina 2011ko pentsio-erreformak indarrean jarraitzen du, urte batetik bestera pentsioetan murrizketak areagotuz. Murrizketa berriei ateak zabalik uzten dizkiete, eta beraz, guk esandakoa ez dute kontutan izan".

Amaitzeko, egoera "onartezina" dela eta lehenbailehen erantzun bat ematea "beharrezkoa" dela salatu dute. "Gizartearen gehiengoa pobretzen da, gutxi batzuk aberasteko". Hori dela eta, "langileen bizitza duinduko duten soldatak izango dituzten kalitatezko enpleguak sortu eta Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak hobetu ditzatela" eskatzen diete agintariei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!