Irratsaio bat egin nahi duenak 'Ataria'-ko estudioa zabalik dauka

Asier Imaz 2021eko irailaren 7a

Imanol Artola 'Felix'ek bertso saioa egiten jarraituko du 'Ataria Irratia'n.

Ataria Irratia-k saio libreak egiteko erraztasun guztiak jarri nahi ditu: bakarka edo taldean; zuzenean edo aurrez grabatuta...

Ataria Irratia-ren 2021-2022 lan-urtea irailaren 13an hasiko da, hurrengo astelehenean, beraz. Azken urteetan bezala, herritarrei irratiko estudioa zabaldu nahi zaie Saio libreak atalean. 20:00etatik aurrerako tarte horretan, edonork egin ahalko du bere saioa, nahi duen gaiaren inguruan. Banaka edo taldean, aurrez grabatuta edo zuzenean... norberaren baldintzetara egokituriko saioa izango litzateke. Norberak erabakiko luke zer eta nola egin.
Horretarako, Tolosaldeko Ataria-rekin jarri behar da harremanetan, 943 65 56 95 zenbakira deituta edo ataria@ataria.eus helbidera mezua bidalita.

Saio horiekin batera, denboraldi berrian 09:00etatik 13:00etara, astean zehar, Pasahitza magazina izango da. Eskualdeko aktualitatea ekarriko dugu Ataria Irratia-ra protagonisten hitzetan. Atal eta kolaboratzaile berriek ere euren ekarpena egingo diote goizeko saioari, euskal musikak bezala. 15:00etatik 16:00etara, astelehenetik ostiralera, podcast-en txanda izango da. Besteak beste, natura, baserri mundua, kultura eta herri kirolak jorratuko dira ordubeteko tarte horretan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!