Ohorezko txandatik oso gutxira

Ataria 2021ko ira. 5a, 12:14

Tolosaldea traineruak bosgarren denbora onena egin du Kontxako Banderaren lehen igandean. Laugarren izan den Hondarribiatik segundo bat eta 86 ehunenetara geratu da, eta beraz, ezin izan du bigarren urtez jarraian ohorezko txandan sartu.

Orio, Donostiarra eta Deustorekin batera lehiatu da gaur Tolosaldea, lehen txandan, eta lehen luze oso txukuna egin du, ziabogara Oriotik bost segundora eta Donostiarratik bi segundora geratuz. Itzulerako luzean, bukaera aldera tarte horri eusten gehiago kostatu zaio eta azkenean Oriotik 13 segundora eta Donostiarratik sei segundora geratu da. Oriok, gainera, Kontxako Banderako denborarik onena eginez bukatu du bere saioa.

Bigarren txandan, Hondarribiak egingo zuenari begira egon da Tolosaldea, ohorezko txandako laugarren postu horren bila. Donostia Arraun Lagunak traineruak sekulako estropada egin eta Orioren denbora hobetuz, marka berria ezarri du. Hondarribia sartu da ondoren, eta ziabogan Tolosaldearen denboratik hiru segundora bazegoen ere, bigarren luzean ia bost segundo hobeto egin eta laugarren postu hori eskuratu du. Hibaika izan da hirugarren txanda horretan, sailkapen orokorrean seigarren eginez, eta Tolosaldeatik bi segundo eta erdira geratuz.

Ondorengoak izan dira emaitzak:

  1. Donostia Arraun Lagunak: 10.31,62
  2. Orio: 10.33.26
  3. Donostiarra: 10.40,24
  4. Hondarribia: 10.44,82
  5. Tolosaldea: 10.46,68
  6. Hibaika: 10.49,16
  7. Deusto: 10.55,26
  8. Chapela: 10.58,74

Aiora Sorozabal Tolosaldea traineruko patroiak azaldu duenez, "uste dut gure buruarekin nahiko gustura geratu garela, ondo errenditu dugu, eta estropadari bere zukua atera diogu". Joaneko luzea "ondo aprobetxatu" dutela gaineratu du, eta itzulerakoan denbora galdu baino gehiago, beste ontziek hobeto egin dutela esan du. "Joaneko luzea oso ona izan da eta itzulerakoa ona izan da. Horrekin geratuko gara".

Ohorezko txandan sartzeko helburua zuten, besteak beste, Hondarribia aurreratu eta Kontxako Banderaren ondoren etorriko den igoera faseari begira aurkariari urduritasuna sartzeko, baina ez da posible izan. "Nik uste dut dena eman dugula, eta tokatzen da beraien lana zoriontzea, guri meriturik kendu gabe. Benetan iruditzen zait estropada ona egin dugula", azaldu du patroiak. Itsasoari dagokionez, "oso ondo" zegoela esan du Sorozabalek, eta beraien arraunketarentzako ez zuela trabarik jartzen gaineratu du.

Datorren igandean, bigarren jardunaldian, laugarren postuaren bila joango direla esan du Tolosaldeako patroiak: "Igoera faserako ere ondo etorriko zaigu laugarren postu hori lortzea, eta bestela ere beti nahi izaten duzulako pixka bat gehiago egin. Ikusiko dugu zein diren baldintzak eta zer kale tokatzen zaigun, baina tokatzen denarekin ahal dugun guztia eman eta lortzera joango gara".

Patxi Frances Tolosaldea traineruko entrenatzailearen arabera, estropadaren lehen hiru-laurden ona egin dute, "eta azkeneko zatian zerbaitetan akatsa egin dugu, edota besteak hobeak izan dira. Datorren iganderako azken zati horretan hobeto egiten saiatu behar gara". Tolosaldea laugarren kaletik aritu da gaurkoan, eta lehenengo kaletik joan direnak, Donostiarrak eta Hondarribiak, baldintzak pixka bat alde izan dituztela esan du Francesek: "Haizea zuten eta olatu txiki bat ere bai. Laugarren kalekoak pixka bat sufritzen egon gara, bosgarren kale aldera bultzatzen gintuztelako". Bigarren txandan Hibaika izan da laugarren kaletik eta antzekoa gertatu zaiola gaineratu du. "Hondarribiarekin batera iritsi da Hibaika ziabogara eta gero aldea atera dio barrualdera etortzerakoan modu horretara". Bigarren jardunaldian, gaur egindakoa hobetzera joango direla esan du entrenatzaileak: "Hobekuntza horrek laugarren postua ematen badigu, ongi etorria izango da".

Eskualdeko hainbat arraunlari ari dira parte hartzen Kontxako Banderan. Donostia Arraun Lagunak ontzian, Xubane Uribarrena (Lizartza), Maider Zumeta (Ibarra) eta Ane Sanchez (Anoeta); Donostiarran, Olatz Lopez (Tolosa), Naroa Urkola (Anoeta), Ioana Alijostes (Tolosa), Irati Larrañaga (Tolosa) eta Nerea Perez (Tolosa); eta Orion, Ohiane Iraola (Tolosa).

Gizonezkoetan, Hondarribia doa aurretik

Hondarribia jarri da aurretik gizonezkoen Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, hiru segundo kendu badizkiote ere hasiera okerra egiteagatik. Horrela geratu dira denborak:

  1. Hondarribia 19.06,32
  2. Santurtzi: 19.08,06
  3. Zierbena: 19.10,28
  4. Orio: 19.14,82
  5. Donostiarra: 19.15,42
  6. Urdaibai: 19.23,40
  7. Cabo: 19.32,12
  8. Ares: 19.42,98

Eskualdeko arraunlariak daude hainbat ontzitan. Donostiarran, Joseba Larrarte (Villabona), Endika Lopez (Tolosa), Andoni Bartolome (Tolosa) eta Endika Garcia de Iturraspe (Tolosa); Hondarribian Jon Lizarralde (Tolosa); eta Orion Ugaitz Mendizabal (Irura).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!