2019ko turismo datuak hobetu dira aurtengo udan

Ataria 2021ko ira. 3a, 16:00

Pandemia aurretik baino bisitari gehiago jaso ditu Tolosaldeak azken hilabeteetan. Iazko abuztuarekin alderatuta ia %50 igo da Tolosaldeko Turismo Bulegoak artatu dituen bisitari kopurua eta %87ko okupazioa egon da nekazalturismo, landetxe eta landa apartamentuetan.

Tolosaldea ezagutzera etorri diren bisitarien gorakada "izugarria" izan dela esan du Tolosaldea Garatzenek. Iazko udaran beherakada eman zen pandemiaren ondorioz, baina aurtengoa 2019ko datuak hobetu direla argitu du, hori ondorioztatu daiteke behintzat, Tolosaldeko Turismo Bulegoak uztailean eta abuztuan  jaso dituen datuak ikusita.

Azken bi hilabeteetako datuak kontuan hartuta, bataz beste %39 igo da bulegoak jaso duen bisitari kopurua, eta eskualdeko nekazalturismo, landetxe eta landa apartamentuetako okupazioa %87koa izan da abuztuan, 2019ko datuak hobetu direlarik. Bisitari gehienak kataluniarrak izan dira, eta ondoren madrildarrak, valentziarrak eta andaluziarrak izan dira.

Tolosaldea Garatzenek esan du era berean, 2021eko udan eskaintza zabaldu dela Tolosaldean eta Orexan Iriarte eta Orexa Enea apartamentuak ireki direla, Larraulen Agerre Berri landetxea eta Arkaitza landetxea Berrobin. Horiekin 49 establezimendu daude orain eskualdeko 19 herritan, 609 plaza eskainiz. Plaza horietako gehienak Tolosan daude (%36) eta Asteasu du atzetik (%13).  Establezimendu eta plaza kopuruari begiratuta plaza gehienak nekazalturismo eta landetxeetan daude, horietako 173 plaza daudelarik eskualdean.

Gastronomia sustatzeko kanpaina berria

Turismo gastronomia sustatzeko kluba da Tolosa Gourmet eta eskualdeko turismo gastronomikoa ezagutzera emateko kanpaina berri bat abiarazi du. Klubeko kide diren establezimenduetara sartzeko gonbita egitea dute helburu eta horretarako bideo batzuk prestatu dituzte Tolosaldean Apetit On, etorri eta dastatu izenpean. Bideo bakoitzean etxe bakoitzeko protagonista ageri da bere produktu izarra prestatzen, establezimendua bera eta eskualdea erakutsiz. Sei bideo egin dituzte eta Iriarte jatetxea, Rafa Gorrotxategi gozogilea, Txumitxa piper ekoizlea, Hika txakolindegia, Bailara jatetxea eta Ama taberna dira protagonistak. Bideoak Pablo Dendaluzek egin ditu eta Joxe Mari Barriolaren umorea dute ardatz. Bideoak uztailetik abendura bitarte argitaratuko dituzte, hilabetean bideo bana zabalduz. Orain arte Iriarte jatetxean eta Rafa Gorrotxategi gozogilearekin egindakoak argitaratu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!