Auzolana izan daiteke giltza

Irati Saizar Artola 2021ko ira. 3a, 11:59

Auzolanaren ikuspegia zabaltzeko asmoz, 'Auzolangin(l)tza' izeneko proiektu bati forma ematen hasi dira Tolosaldean; esperientzia pilotu berritu bat jarri nahi dute martxan.

Auzolana oinarri duen proiektu bat abiarazi dute Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapeneko Elkarteak, Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak: Auzolangin(l)tza: XXI. Mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera. Helburua auzolaneko "esperientzia berritua" esperimentatzea da, kasu honetan, Tolosaldean, eta, ondoren, Gipuzkoa osorako baliagarria izatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren berrikuntza sozialerako Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoalab 2021 deialdirako diru laguntza jaso du proiektuak, eta urtebeteko epea dute aurrera eramateko. Uztaila amaieran ekin zioten, Berastegin egindako girotze saioarekin. Bertan, proiektuaren aurkezpena egin zuten lehenik, eskualdeko hainbat herri ordezkari eta eragileren aurrean. Saio teorikoaren ostean, talde dinamikak egin zituzten azaldu ziren 24 parte hartzaileek, eta ekarpenak egin zituzten proiektua ulertu, landu eta ideia berriak plazaratzeko. Behin ekarpenak bilduta, esperientzia diseinatzea izango da hurrengo pausoa, ondoren martxan jarri ahal izateko.

Proiektua maila akademikoan lantzen Deustuko Unibertsitateko Ion Muñoa eta Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirre aritu dira. Asmo nagusia auzolanaz aritzea da, XXI. mendeko auzolanaz; Eizagirrek azaldu duenez, "auzolana gaur egungo gizarte eta kultura eredutik birpentsatu behar da, elkarrekin". Imanol Olano Tolomendiko teknikariak gogorarazi du auzolana behar batzuei erantzuteko sortu zela urteak atzera eginda: "Askotan, ordea, baserri bideak berritzearekin edo horrelako lanekin lotu izan da, baina herriko festak antolatzea, esate baterako, ez al da auzolanean egiten den ekintza bat?".

Proiektuaren faseak

Lau fase izango ditu proiektuak, eta dagoeneko lehenengoarekin hasiak dira: auzolana orain arte zer izan den eta gaur egun zer izan daitekeen landu zuten Berastegin. Jarraian, ekinbidea diseinatzea etorriko da: auzolaneko zer egitasmo gauzatu daitezkeen ikusiko dute; izan daiteke herri batean egitekoa, edo hiruzpalau herritan egin daiteke, edo gai bat hobetsiko dute eta auzolanetik gai hori eskualdean nola garatu daitekeen ikusiko dute. Hirugarren pausoa diseinatutako esperientzia martxan jartzea izango da, eta, azkenik, ikaskuntzak atera nahi dituzte egindakoaren inguruan.

Horrela, proiektuarekin, auzolaneko kultura berritu bati buruzko ikuspegia adostu, eta Tolosaldeko eragileekin eskualdearen biziberritzean lagundu dezakeen auzolaneko eredu gaurkotu bat irudikatu eta praktikara eramango dute.

Egoera berrietara egokituz

Amaia Azkue Berastegiko alkateak eta, aldi berean, Tolomendiko batzordeko kideak esan du Gipuzkoako herri txikien egitura soziala, ekonomikoa eta kulturala "aldatzen" ari dela azken urteetan, udalen baliabide ekonomikoak "mugatuak" direla eta horrek guztiak herri bizitzaren "ahultzea" ekarri duela, baina oraindik lankidetza eta beharrei elkarrekin erantzuteko kultura "bizirik" dagoela. Horri heldu nahi diote.

Herritar, eragile eta erakunde publiko guztiekin, gizarte aldaketen aurrean, "lankidetza eta erantzukizuneko kultura biziberritu eta gaurkotzeko premiari erantzun bat emateko saiakera" egin behar dutela gehitu du Berastegiko alkateak. Muñoa irakaslea ere etorkizunera begira jarri da: "Herri txiki gehienetan antzeko arazoak ditugu, eta bakoitza bere arazoei erantzuten saiatzen da, horiek direlako bere arazoak". Alabaina, zehaztu du askotan badaudela begirada makroago batetik begiratuta galdera orokorrago batzuk. "Batzuetan, ikuspegi globalago bat falta zaigu, ez daukagu elkarren berri".

Herri txikiek izandako aldaketetan kokatu ditu Muñoak espazio fisikoaren aldaketak nahiz demografia aldaketak, baina baita bizimodu aldaketak eta pertsonen eta gizartearen balio aldaketak ere. "Herri txikiak bizirik egoteko azpiegiturak, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoa beharrezkoak dira; horiek, ordea, ukiezinak diren baldintza batzuk egon direlako funtzionatu dute, balio batzuk egon direlako".

Landa eremuko herriek etorkizuna izan dezaten, elementu ukiezin horien aldeko apustua egin behar dela argi du Deustuko irakasleak: "Herri txikien aldeko apustuak egiteko modu ezberdinak egon daitezke, baina gure erantzun posible bat auzolaneko kulturan aurki dezakegu". Herri txikietako "komunitate izaera" lantzeko ahalegina egin behar dela erantsi du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!