Kontxako Bandera jokatzeko sailkapena lortu arren, ez dira Donostiako Kontxako badiako uretatik guztiz gustura atera Tolosaldea traineruko arraunlariak gaur arratsaldean. Laugarren postua lortu dute erlojuaren aurka egindako saioan. Denbora onena Donostia Arraun Lagunak (10.54) traineruak egin du, ondoren Oriok (11.02), gero Hondarribiak (11.08), Tolosaldea (11.10) sailkatu da ondoren, eta beste hiru traineruak hauek izan dira: Deustu (11.13), Hibaika (11.13) eta Chapela (11.16). Azken honek San Juanek baino segundo bat gutxiago eginez lortu du Kontxako Banderan parte hartzeko azken lekua.
Lehenengo luzean oso gustura joan direla azaldu du Malen Oiarzabal Tolosaldea traineruko arraunlariak, baina itzulerako luzea ez dela hain txukuna izan: «Itzulerakoan ez ditugu gure sentsazioak aurkitu. Nahiz eta zapore gazi horrekin bueltatu, gozoa ere hor dago, sartu garelako eta gaurko helburua horixe zelako». Igandera begira «beste irakurketa batzuk» egitea tokatuko dela gaineratu du. «Estropada bukatu dugunean kontziente izan gara non egin ditugun akatsak, eta taldearen oso aspektu positiboa da hori, oso azkar konturatzen garelako noiz ateratzen garen gure arraunketatik, eta ikasi behar dugu pixkana zati horiek txikitzen eta ahalik eta estropada osoenak egiten». Igandean, beraz, gogo handiz aterako direla esan du Oiarzabalek, «erakusteko benetan Tolosaldea zein den, eta erakusteko benetan ETE ligaren eta Euskotren ligaren artean ez dagoela hainbesteko aldea».
Aurreko urtean bigarren egin zuten sailkapen estropadan. «Iaz sorpresa handia izan zen bigarren geratzea, eta oso pozgarria izan zen. Baina, berez, asteazkeneko helburua Kontxako Banderan lehiatzeko lekua lortzea da. Gero ikusiko da igandean non gauden, eta ea ohorezko txanda horretara berriz iristeko aukera dugun». Izan ere, aurreko urtean ohorezko txandan sartzea lortu zuten lehen igandean, laugarren denbora onena eginez, eta gero bigarrengoan ere postu hori mantendu zuten.
Igande honetako helburua horixe izango dela esan du arraunlariak: «Gure onena ematea da beti helburua, baina anbizioa izan behar dugu eta gure helburua ohorezko txanda horretan ibiltzea izango litzateke».
Balantzea egiterakoan, Patxi Frances Tolosaldea traineruko entrenatzaileak azaldu duenez, beste ontziekin alderatuta ziaboga egin ondoren denbora galdu dute. «Baina helburua sailkatzea zen eta lortu dugu», esan du Francesek. «Ikusiko dugu zer gauza egin ditugun gaizki, gero igandean horiek konpontzeko». Bestalde, kanpoaldean itsasoa zikina zegoela eta olatuak toki guztietatik iristen zirela nabarmendu du.
Igandera begira lana izango dutela gaineratu du entrenatzaileak. «Inork ez digu ezer oparituko, eta tokatzen zaiguna ondo egin behar dugu», zehaztu du. Igandean ohorezko txandan sartzeko ahalegina egingo dutela esan du: «Dakigun bezala arraun egiten badugu, ni sinetsita nago sartu gaitezkeela. Kontua da gauzak entrenamenduetan egiten ditugun bezala egin behar ditugula igandean».