Mikel Lizartzak laugarren egin du Euskal Herriko Sega Txapelketan

Ataria 2021eko abuztuaren 30a

Mikel Lizartza, uztailean egindako Gipuzkoako Sega Txapelketan.

Julen Gabirondok irabazi zuen txapelketa, 1.820 kilo belar ebakita, atzo Bizkaiko Murueta herrian jokatutako saioan.

Xabier Zaldua izan zen bigarrena, 1.696 kilorekin. Gertu bukatu zuen Jon Otegik, 1.624,5 kilorekin. Mikel Lizartza tolosarrak 1.387 kilo ebaki zituen, eta azken postuan geratu zen David Mariñelarena, 1.148 kilorekin.

Unai Zabalak kanporaketa du igandean

Datorren igandean, irailak 5, hirugarren mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketa egingo da, Mungiako (Bizkaia) Matxin plazan, 12:00etan. Bertan parte hartuko du Unai Zabala leaburuarrak. Berarekin batera beste zortzi aizkolari ariko dira: Aritz Irazabal, Mikel Agirre, Urtzi Olasagasti, Andoni Iruretagoiena, Goizeder Belza, Xuban Kañamares, Jon Telletxea eta Oier Larretxea.

Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko ebaki behar ditu, hau da, 54 ontzako lau enbor, eta Mungian lehen bi postuetan sailkatzen direnak finalera pasatuko dira. Aurtengo hirugarren mailako lehen kanporaketa abuztuaren 15ean izan zen, eta bertan Jokin Urretabizkaia eta Julen Gabirondo sailkatu ziren finalerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!