Hamargarren bandera eta liga eskuratu dituzte

Ataria 2021ko abu. 22a, 19:35

Tolosaldea traineruak Bilbon jokatutako I. Ane Aizpuru Bazterretxearen Oroimenezko estropada irabazi du gaur, eta horrekin batera, eta azken estropadaren faltan, ETE Liga ere bereganatu du.

Hamargarren bandera irabazi du aurtengo ETE Ligan Tolosaldea traineruak, horietako bat ez bada ere kontuan hartzen sailkapen orokorrerako. Datorren larunbatean jokatuko den azken estropadaren faltan, ETE Liga irabazi du eskualdeko taldeak, bigarren aldiz bereganatuz liga. Iazkoa sekulakoa izan bazen, hamabi estropadetatik bederatzi irabaziz, aurtengoan errepikatzen ari dira. Itxaso Aranburu Tolosaldea traineruko arraunlaria pozik hitz egin du lortutakoaz: "Hamargarren bandera lortu dugu, eta pozik gaude. Ez da berria irabaztea, baina sentsazioak traineru barruan onak izan dira. Bandera lortu eta irabaztea ona izan da, baina gu gustura ibili gara traineruan. Batzuetan, nahiz eta irabazi, izan dira estropadak ez garenak gustura egon arraunkerarekin. Gaurkoan disfrutatzen egon gara estropada guztian zehar eta horri garrantzia ematen diogu". Liga bigarrenez jarraian irabaztea "ohorea" dela esan du. "Gainera, irabazi dugu baina ikusten ari gara besteak ez direla geldirik egon. Hibaika eta Deusto hor daude, eta emakumezkoen arraunean orokorrean maila igotzen ari da eta hori pozgarria da".

Gaurko estropada erlojuaren aurka izan da, eta Tolosaldea azkena atera da. Ziabogan erreferentzia batzuk bazituzten, Aranburuk azaldu duenez: "Ziaboga egiterakoan bagenekien tartea ateratzen genuela. Gustura atera gara, eta bigarren luzean gehiago eman diogu eta merezimendu osoz irabazi dugu". Tolosaldeak 10.43,40ko denbora egin du, bigarren izan da Deusto 10.47,98ko denborarekin eta hirugarren Hibaika 10.54,72rekin.

Ligako azken estropada Erandioko Bandera izango da eta bertara ere irabaztera joango direla esan du Aranburuk. Hurrengo astean, irailaren 1ean, Kontxako Banderaren sailkapen estropada izango dute, eta horri ere buruan badutela dio. Iaz Kontxako Banderan ohorezko txandan amaitu zuten, eta aurten ere gogoz joango dira. Eta, noski, behin denb oraldiko lehen helburua lortuta, hau da, Euskotren Ligara igotzeko faserako sailkapena lortuta, hori ere buruan dute. "Igoera fasea beti hor izan dugu buruan. Gero eta gertuago dago, eta noski, horri ere begira gaude", esan du Aranburuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!