Laugarren amaitu du Tolosaldeak Castro Urdialesen

Ataria 2021ko abu. 15a, 15:29

Tolosaldea trainerua, aurreko estropada batean.

Hibaikak irabazi du, San Juan izan da bigarren, eta Deusto hirugarren. Oso denbora gutxian helmugaratu dira lehen traineruak.

Atzo Zarautzen garaipena eskuratu ondoren, ez da bere eguna izan gaur Tolosaldea traineruarentzat, Castro Urdialesen jokatutako ETE ligako estropadan. Ziabogan lehen postuan izan ondoren, helmugan laugarren amaitu dute. Hibaika izan da irabazlea, 11.17,82ko denborarekin; San Juan izan da bigarren, 11.19,04rekin; Deusto izan da hirugarren, 11.20rekin, eta Tolosaldeak laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 11.20,52rekin.

Hamabi estropada lehiatu ondoren, Tolosaldeak jarraitzen du sailkapeneko lehen postuan, 10,50eko koefizientearekin, hamabi estropadetan 126 puntu lortu ondoren. Bigarren postuan Deusto dago, 9,67ko koefizientearekin (116 puntu hamabi estropadetan), eta hirugarrena da Hibaika, 9,42ko koefizientearekin (113 puntu hamabi estropadetan). Bi estropada bakarrik geratzen dira liga bukatzeko eta oraindik igoera faserako sailkapena matematikoki lortu ez badu ere, Tolosaldeak ia ziurra du lehen bi postuetan amaitzea, eta, noski, faborito nagusia da liga irabazteko. Hurrengo estropada datorren igandean izango da, Bilbon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!