Datozen egunetan kulturaz gozatzeko hainbat aukera

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 5a, 12:00

Gaur, 19:00etan, 'Bonba bat naiz' ikuskizuna eskainiko dute Berazubi auzoan, Kultura plazara egitasmoaren barruan.

Festek baino kultur ekitaldiek leku gehiago duten honetan, asteburu honetarako ere bada zerbait prestatuta eskualdean. Larunbatean, esaterako, Kultura plazara egitarauan kokatu dute Kalakan taldearen kontzertua. Zezen plazan izango da, 20:0etan, eta aurrez sarrerak erosi beharko dira www.kulturaplazara.eus helbidean.

Kalakan taldeak euskal kantu tradizionalak ezaugarri akustiko gaurkotuagoekin apaintzen ditu eta azken 10 urteetan hainbat lurraldetan artista desberdinekin lan egiteko aukera izan du hirukoteak. Tolosako kontzertuan azken diskoa aurkeztuko dute, artizar izenekoa.

Bisita gidatuak

Iazko esperientziari jarraipena emanez, Amezketako Udalak herria ezagutzera emateko bisita gidatuak antolatu ditu udarako; irailaren 12ra bitarte luzatuko dira, eta asteburuetan egingo dituzte. Argi ezkutuaren bila izenpean, herritarra den Agurtzane Garmendiak egingo ditu bisita gidatuak. Larunbat honetan, 18:00etan abiatuta egingo dute bisita bat, eta igandean, 12etan abiatuta.

Bost geldiuneko bisita gidatua da, eta ordu eta erdiko iraupenean egiteko modukoa. San Bartolome elizaren atzeko aparkalekua da bisitarien topagune eta abiapuntua, eta obretan egon den eta udalak guztiz berritu duen Ierabizkar errotan amaituko dute bisita. Errota bera bisitatuko dute, eta bisita gidatuetarako errota martxan jarri nahi dutela esan dute udaletik.

Aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa izango da. 657 370 156 telefono zenbakira deituz edo whatsapp mezua bidalita. Ohiko sarrera hiru eurokoa izango da, eta murriztua den kasuan, 1,5 euro ordaindu beharko da. Lau urtetik beherako haurrentzat doan izango da. Eta gehienez ere 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!