Joseba Otaegi eta Iñaki Errazkin banakako euskal pentatloian izango dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 4a, 19:59
Iñaki Errazkin tolosarra iazko I. Binakako Euskal Pentatloian

21 parte hartzaile izango ditu aurtengo aurtengo IV. Mahala Euskal Pentatloi Sariak; lehen kanporaketa irailaren 4an izango da, Azpeitiko zezen plazan.

Hasiak dira prestatzen banakako IV. Mahala Euskal Pentatloi Saria eta eskualdeko bi kirolari arituko dira: Joseba Otaegi zizurkildarra eta Iñaki Errazkin tolosarra. Guztira 18 gizonek eta 3 emakumek hartuko dute parte eta lehen kanporaketa irailaren 4an jokatuko da, Azpeitian.

Lehen kanporaketa horretan, Otaegirekin batera, Benat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III, Xabier Urrutia, Gorka Etxeberria eta Mikel Agirre arituko dira nor baino nor. Horietatik denbora onena egiten duten laurak bigarren kanporaketarako sailkatuko dira.

Bigarren kanporaketa, berriz, irailaren 11n izango da, hau ere Azpeitian. Aurreko kanporaketako lau sailkatuez gain, Iñaki Errazkinek ere bat egingo du txapelketan, eta Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Julen kañamares, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Jagoba Otaegi, Aratz Mugerza eta Jon Gisasola Zelai V.aren aurka aritu beharko dute. Saio horretatik sei hoberenak finalera pasako dira eta final handia, irailaren 25ean jokatuko da.

Emakumeen kasuan, hiru izan dira norgehiagokan aritzea erabaki dutenak, eta zuzenean finala jokatuko dute hauek ere irailaren 25ean. Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III eta Lucia Orbe izango dira parte hartzaileak.

Esperientziarekin

Nola Otaegi hala Errazikin, biak arituak dira aurrez pentatloian. Otaegik iaz ez zuen parte hartu, baina duela bi urte, finalera iritsita, gertu izan zuen garaipena; bigarren postuan sailkatu zen. Errazkinek berriz, iaz izan zuen pentatloiko final handian aritzeko aukera eta bosgarren sailkatu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!