Hirugarren jardunaldiko partidak jokatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 2a, 15:59
Jon Ander Peña tolosarra. Baiko

Altuna-Arangurenek eta Peña-Rezustak asteburuko partidak irabazi dituzte, hiru garaipen batuz.

Caixabank Master Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan, eta izan diren emaitzen ondorioz, Altunak eta Arangurenek jarraitzen dute lehen postuan sailkapenean, hiru garaipenekin. Jon Ander Peña tolosarrak eta Rezustak osatutako bikoteak ere hiru garaipen ditu, eta bigarren postuan dago. Jakak eta Tolosak osatutako bikotea, berriz, seigarren postuan dago, garaipen bakarrarekin.

Ostiralean, Ezkurdia eta Imazen eta Elezkano eta Mariezkurrenaren arteko partida izan zen Etxarri-Aranatzen. Bada, 2-9 irabazi zuten Elezkano eta Mariezkurrenak, garaipen horrekin bosgarren postuan jarriz sailkapenean.

Larunbatean, Altuna-Aranguren eta Etxeberria-Albisuren artekoa izan zen Zeanurin. Amezketarrak eta Arangurenek 22-19 irabazi zuten, hirugarren garaipena erdietsiz. Etxeberria-Albisu bikotea bi garaipenekin hirugarren postuan kokatu da.

Larunbatean bertan, Urrutikoetxea-Martija eta Olaizola-Zabaletaren arteko partida jokatu zuten Zestoan. 22-20 irabazi zuten Urrutikoetxea-Martijak, eta bi garaipen batuta, laugarren postuan daude.

Atzo, Peña tolosarrak eta Rezustak osatutako bikotea eta Jaka lizartzarrak eta Tolosa anoetarrak osatutakoa aritu ziren nor baino nor. 22-17 gailendu ziren Peña eta Rezusta, hirugarren garaipena batuz. Jaka eta Tolosa garaipen bakarrarekin seigarren postuan daude.

Laugarren jardunaldiari dagokionez, Ezkurdia-Imaz eta Jaka-Tolosaren arteko partida izango da Plentzian ostiralean. Larunbatean, Altuna-Aranguren eta Olaizola-Zabaletaren artekoa Gasteizen, eta Urrutikoetxea-Martija eta Etxeberria-Albisuren artekoa Zarautzen. Eta astelehenean, Elezkano-Mariezkurrena eta Peña-Rezustaren artekoa Diman.

Hernaniko Zikuñaga txapelketa

Bestalde, asteburuan Hernaniko Zikuñaga Papelera txapelketako finalak jokatu dira, eta eskualdeko hainbat pilotari daude irabazleen artean, Intxurre elkarteko hiru pilotari hain zuzen. Oiarbide-Galartzak 18-16 irabazi zieten Etxebal-Olaizi eta Zubeldia-Irazustabarrena bikoteak 18-9 irabazi zuen Urmeneta-Belokiren aurka.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!