Saharar eta euskaldunen arteko harremanari eusteko mezuak

Ataria 2021ko abu. 2a, 11:59

Aurten ere haur sahararrek udan etorri izan ez dutenez, euskaldunen eta sahararren arteko harremana mantentzeko eskutitzak idazteko proposamena egin dute, Mezuak Hodeietan kanpainaren bitartez.

Aurten ere, bizi dugun egoeraren ondorioz, Oporrak Bakean programa ezin izan da burutu, eta Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 10 eta 12 urteko haur sahararrak ez dira etorri udako bi hilabeteetan familia euskaldunetara edo aterpetxeetara. Programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo igarotzeko aukera dute, eta familia euskaldunek herri sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera izaten dute.

Horri, gainera, 2020ko azarotik sahararrek bizi dutena gehitu behar zaio. Izan ere, azaroaren 13an su-etena bertan behera geratu zen, eta ondorioz, soldadu sahararrak gerran daude.

Bada, sahararrei elkartasuna adierazteko, Mezuak Hodeietan kanpaina abiarazi dute Oporrak Bakean programan parte hartzen duten elkarte, eragile, eta harrera familiek. Hodei formako paperezko eskutitzak idaztean datza Mezuak Hodeietan ekimenak, haur euskaldunen eta sahararren arteko harremanari eusteko. Mezu guztiak azaroan eramango dira saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, baina teknologia baliatuko da lehenago helarazteko. Mezua idaztean, eskaneatu edo argazkia atera eta oporrakbakean@gmail.com helbidera bidaltzea eskatu dute.

Oporrakbakean.eus webgunean edo Facebook orrialdean kontsultatu ahalko da mezua helmugara iritsi ote den, eta saharar kanpalekuetatik bueltan etortzen diren mezuak ere ikusi ahalko dira, baita kanpainan zehar bildutakoaren laburpena kontsultatu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!