Hondakinen kudeaketa plana hobetzeko, alegazioak aurkeztu dizkio Hobekik Jaurlaritzari

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 30a, 19:59

Bederatzi alegazio eta hainbat eskaera aurkeztu zituen atzo hondakinen kudeaketa sustatzeko sortutako toki erakundeen sareak; Eusko Jaurlaritzari kontuan hartu ditzan eskatu diote.

Eusko Jaurlaritzak maiatzean argitaratu zuen 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Plana. Hobeki elkarteak plan hori aztertu du, ekarpenak egin ahal izateko, eta atzo aurkeztu zituzten alegazioak, plana hobetzeko, Hernaniko udaletxean. Hobeki elkartea Euskal Herriko hainbat udalek osatzen dute, eta tartean dira, besteak beste, Anoetako, Adunako eta Berastegiko Udala. Hondakinen kudeaketa hobetzea sustatzeko sortutako tokiko erakundeen sarea da Hobeki.

Planaren inguruko ekarpenak egin, indarguneak azpimarratu eta hutsuneak betetzeko, lau saio egin dituzte hainbat ingurumen teknikari eta udal ordezkarik. Guztira bederatzi alegazio eta hainbat eskaera osatu dituzte egindako saio horietan.

Besteak beste, honako eskaerak egin dituzte: EAEn pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea; plangintza horretan gailuen konpontzeko eskubidea sartzea; ekoizlearen erantzukizun zabaldua ezartzea; SDDR sistemak RAEEentzat ere aurreikustea; gurpiletan, metaletan edota beste fluxu espezifikoetan zirkulartasuna bultzatzeko neurriak sustatzea; eta plan horrek Ekonomia Zirkularraren EAEko planarekin bat nola egingo duen zehaztea.

Hobekik adierazi du "ezinbestekoa" dela EAEn Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako plan bat izatea. Eta espero dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak beraiek egindako ekarpen guztiak kontutan hartuko dituela.

Plana gazteleraz

Hobekiko kideek nabarmendu dute, hasiera batean plana gaztelera hutsean argitaratu zela, eta hainbat udalek euskaratzeko eskatu ostean, uztailean atera zutela euskarazko bertsioa. "Baina oraingoan ere, planaren zatirik mamitsuena, funtsezko jardueren deskribapena, gaztelera hutsean argitaratu dute", zehaztu dute. Atzoko agerraldian, plana osorik euskara hutsean argitaratzeko eskatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!