Juan Mari Jauregi omendu dute

Ataria 2021eko uztailaren 29a

Juan Mari Jauregiren omenezko ekitaldiak egin dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Legorretan.

Juan Mari Jauregi sozialista, uztailaren 29 batean hil zuen ETAk, duela 21 urte. Bada, hura gogoratzeko, urtero moduan, lore eskaintza eta bost minutuko isilunea egin dute gaur Donostian Batzar Nagusien egoitzan. Jauregi Gipuzkoako batzarkide eta gobernadore zibila izan zen, baita Tolosako zinegotzi ere.

Ekitaldian izan dira Jauregiren emazte ohi Maixabel Lasa, eta EAJ, PSE, EH Bildu eta PPko ordezkariak. Olatz Peon Tolosako alkatea bertan izan da, eta baita Jose Ignacio Asensio alderdikide tolosarra ere. Sare sozialetan mezua ere luzatu du Asensiok: "lankide eta lagun ona zintudan. Beti gogoan izango zaitut. Besarkada bat familia eta gertukoei".

Batzar Nagusietan egin duten ekitaldiaz gain, familiak deituta egiten duten omenaldia ere izan da eguerdian. Batetik, Legorretan lore eskaintza egin dute Jauregiren omenezko eskulturan. Eta, bestetik, Burnikurutzetan, lore eskaintza egin dute eta haren omenez abestu dute monolitoaren aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!