GOGORATUZ

Zaldiak bidelagun

Imanol Garcia Landa 2021ko abu. 30a, 07:59
Edurne Barriola, Garmendi Txiki baserrian dagoen zaldi batekin. I. GARCIA LANDA

Zaldiekin erlazionatzeko beste modu bat erakusten du Edurne Barriolak, beraiekiko errespetuan eta elkarrekiko konfiantza landuz. Zaldizketa proiektuarekin hainbat aukera eskaintzen ditu horretarako.

Orain urtebete inguru jarri zuen martxan Edurne Barriola tolosarrak Zaldizketa proiektua. Etorkizun hurbilean Amezketan duen lursailean izango bada ere, egun ikastaroak Abaltzisketako Garmendi Txiki baserrian ematen ditu. Zaldia eta hizketa hitzak hartuta osatutako izena da Zaldizketa, eta baita Abaltzisketa eta Amezketa izenen bukaerarekin ere jolasten duena.

Barriolak hamasei urte daramatza zaldiekin lanean. Zaldiak hezten aritzen da eta izen bat egin du alor horretan. Gaur egun ere zaldiak hezten ditu, eta zaldia dagoen lekura ere joaten da, baina gutxieneko batzuk eskatuz. Lan hori ere egiten du Garmendi Txikin, eta horrez gain ikastaroak ematen ditu. «Zaldiekiko errespetu handiarekin egiten dugu», esaten du Barriolak. «Aurrena egiten dudana da azaldu zer den zaldi batengana gerturatzea, nola hitz egiten diguten gorputzarekin. Izaki bizidun bat da, ez da bizikleta bat, gainean ibiltzeko».

Leire Usandizaga, Haritz Saez de Nanclares eta Edurne Barriola, azken honen bi zaldirekin. I.G.L.

Askotan jendeak pentsatzen du zaldiak ostikalariak direla, eta kontuz ibili behar dela ukitzerako orduan, bestela hozka egingo dutelako. Uste horien aurrean Barriolak ikastaroetara joaten direnei azaltzen die zaldiak denbora guztian komunikatzen ari direla, eta zer seinale bidaltzen dituzten. «Jakin dezakegu umore onez dagoen edo haserre dagoen, edota norbait gerturatzea nahi duen edo ez».

Ez dira, beraz, zaldiz ibiltzea ikasteko emanaldi soilak izaten, zaldiak gehiago ezagutzen eta beraiekin harreman bat sortzen erakusten baitu Barriolak. Gainean jarri aurretik, harremana sortzea da helburua, eta horretarako zaldiak orraztea bide egokia izaten da. «Hori egite hutsak ere asko erlaxatzen ditu, bai zaldiak eta baita ikastaroa egitera etortzen diren haurrak edo helduak ere», zehaztu du Barriolak. Behin zaldi gainera igotzerakoan, aulkirik gabe egiten dute, «zaldiaren berotasun hori nozitzeko, bere giharrak, bere mugimendua... Ariketa batzuk egiten dituzte konfiantza hartzeko, eta gero pixkanaka ekitazio ariketak egiten joaten dira, baina beti ere zaldiarekiko errespetuz».

Konfiantza lantzen

Ikastaroetara joaten diren gehienei estresa joaten zaiela dio Barriolak: «Haurrak eskoletatik etortzen dira eta helduak lanetik, eta lasaitu egiten dira, oraina bizitzen dute. Buruan mila gauza izaten ditugu, eta zaldia orrazten edo bere gainean zaudenean, hona etortzen zarenean, erlaxatu egiten zara. Emozioen aldetik lasaitu egiten zara, maitasun handia jasotzen du zaldiez inguratuta dagoenak». Horrez gain, zaldi gainean ibiltzeak fisikoki indartu egiten duela gaineratu du.

Leire Usandizagak bere alaba eramaten du ikastaroetara eta Barrioalak haurrekin erlazionatzeko ahalmen berezia duela dio. Plastiko urdin batekin planteatzen duen ariketa nabarmendu du Usandizagak: «Zaldia plastiko gainean jarri eta gurutzatzea da ariketa. Konfiantza ariketa bat da, zaldiei ez baitzaie plastiko gainean ibiltzea gustatzen, oso urduri jartzen direlako. Oso ariketa berezia iruditzen zait, hor ere haurraren parte hartzea dagoelako. Konfiantza eta pazientzia lantzen da; azken batean, ulertzea zaldiak beldurra duen edo ez duen».

Hipika normaletatik datozen zaldiak ez daudela hezita gaineratu du Barriolak. «Ez zaie errespetatu denbora beraien emozioetarako, eta gizakiengan konfiantza ez dutenez, gauzak egiten dituzte baina behartuta, ez konfiantza dutelako». Konfiantza lantzen dute plastiko urdinaren ariketarekin, eta «oso polita» dela dio: «Zaldiaren txipa aldatzen dugu gurekiko, eta haurrentzako ere berezia da, egiten duten lanarengatik».

Edurne Barriola: «Emozioen aldetik lasaitu egiten zara, maitasun handia jasotzen du zaldiez inguratuta dagoenak»

Barriolak animaliek berari eman diotena azaldu du: «Pixka bat esajeratuz, zaldiek eta txakurrek salbatu naute bizitza honetan. Maitasuna eman didate eta haiei eskerrak ezagutu dut maitasuna. Haiei gabe seguruena depresio batekin egongo nintzateke txikitatik. Eskerrak animaliak gertu izan ditudala, eta nire kaka guztiak aguantatu dizkidatela. Pila bat zor diet». Zaldiak hezteko eta beraiekin erlazionatzeko moduan asko aldatu dela gaineratu du. «Eta eskerrak. Oso gaizki tratatu izan ditut. Gaur egun beste leku batean nago, eta denontzako askoz hobe. Modu asko daude harremantzeko animaliekin, pertsonekin eta naturarekin orokorrean. Azkenean norbera barrutik dagoen egoeraren ispilu da. Hori ere ikasketa polita da». Animaliak eskuzabalak direla nabarmendu du: «Eskaini egiten dira gu hobetzeko».

Zaldiak hezteaz eta beraiekin erlazionatu eta gainean ibiltzeko ikastaroez gain, zaldiekin itzuliak emateko aukera ere ematen du Barriolak, eta horiek egun batzuetako ibilaldiak ere bihurtu daitezke. Horretarako modu ezberdinak ditu pentsatuta: «Izan daiteke ogitartekoak-eta janez, edota hoteletan lo eginez, eta mendian mahai eta platerekin janez». Horrez gain urtebetetzeak ospatzeko beste modu bat eskaintzen du, zaldiez inguratuta, beti ere animaliekiko errespetuan oinarrituta. Aurrera begira, Zaldizketa proiektua Amezketan kokatzen duenean, hipoterapiako saioak antolatzeko asmoa du Barriolak, gurpildun aulkian daudenentzat eta autismoa dutenentzat, adibidez.

Zirkulu xamanikoa zaldiekin

Zaldizketa proiektuaren bitartez zirkulu xamanikoak eta zaldiekin meditazio saioak ere eskaintzen dira. Haritz Saez de Nanclares Reiki maisu amezketarrak eta Amadeus teknika egiten duen Leire Usandizaga tolosarrak bideratzen dituzte. Energiarekin egiten dute lana. «Guk energia ematen dugu eskuak jarrita. Unibertsoaren energia kanalizatzen dugu. Bion artean egiten dugu lana», diote. Konturatu dira Saez de Nanclaresen energia fisikoagoa dela eta Usandizagarena airezkoagoa. «Bion artean oso ondo uztartzen gara. Kontsultara jendea etortzen denean, aurrena energiak orekatzen ditugu. Energiak oreka galtzen du emozioengatik, hau da, beldurrak, haserrea, bakardadea... Gero intuizioaren bidez gatazkaren oinarriak begiratzen ditugu».

Xaman baten bitartez, Ipar Amerikako indiarrek «unibertsoarekin konektatzeko» duten bide bat landu dute, zirkulu xamanikoak deritzona. «Suaren baitan bilduz lau ateak irekitzen dira, ekialdea, mendebaldea, iparra eta hegoa, eta modu horretara konektatzen gara beste bibrazio batzuetan bizi den jendearekin», azaldu dute. Mendian egitea gustatzen zaie, «mendiaren energiarekin batera, guk energia horrekin kargatu eta aldi berean unibertsoarekin konektatzeko». Barriolak proposatu zien saio horiek zaldiekin egiteko, eta batzuk egin izan dituzte. «Zirkulu xamanikoetan zaldiek beraien mugimenduekin parte hartzen dute. Zaldia mugitu egiten da eta parte hartzen ari den pertsonarengana zuzenean joaten da», azaldu dute. «Horren bitartez erakusten du zeinekin egin lan. Gu baino gehiago sentitzen dute. Guretzako ere esperientzia berria da, gu ere ikasten ari gara zaldiekin nola lan egin. Zaldien ekarpena beraien energia da, bizitzeko beste modu bat, konturatzeko azkenean denok bat garela».

 

Zaldien hotela

Edurne Barriolak gaur egun ikastaroak ematen dituen lekua Abaltzisketako Garmendi Txiki baserria da. Zaldien hotela da, Joxe Zubeldiak kudeatzen duena. Garai batean esne behiak zituzten eta jarduera hori utzi eta zaldiak edukitzeko leku bihurtu zuten. «Jabeek zaldiak hipiketan izan ohi dituzte, baina ukuiluetan izaten dituzte, zelai gutxi izaten dituztelako zaldiak ateratzeko», esan du Barriolak. «Oporretan-edo joaten direnean, ez badute norbait zaldia ateratzera joango zaiena, nahiago dute horrelako toki batera ekartzea. Garmendi Txikin ondo zainduko dituzte, belazean askatuko dituzte, eta samaldan egongo dira».

Beste bezero mota bat ere badago, zaldien hotela erabiltzen duena. Kasu honetan, zaldien zahar etxe moduko bat bihurtzen da baserria. «Zaldia zahartu egitean, eta dagoeneko ezin denean gainean ibili, jabe batzuk Garmendi Txikira ekartzen dituzte», esan du Barriolak. «Nolabait erretiro on bat eman nahi diote eta bere bizitzaren azken partea gustura pasatu dezatela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!