Jon Irazu hirugarren, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketan

Ataria 2021eko uztailaren 28a

Astigarragan jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa, astelehenean; eskualdeko lau aizkolarik hartu zuten parte, eta zizurkildarra izan zen lauretan onena.

Astelehenean, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa jokatu zen Astigarragako Foru Plazan. Elkarren aurka aritu ziren hamabi aizkolariek sei enbor ebaki zituzten, lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi. Tartean, Tolosaldeko lau aizkolarik hartu zuten parte eta Jon Irazu zizurkildarra (Lehen Mailan Euskal Herriko txapeldunordea izandakoa) izan zen lauretan onena; hirugarren izan zen. Unai Otaegi zizurkildarra, Unai Zabala leaburuarra eta Ibon Garaiburu berastegiarra, zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Suharri Rodrigez Paolla hernaniarrak irabazi zuen txapelketa; garaipen horri esker, Lehen Mailako aizkolaria izango da aurrerantzean. Orain gutxi desafio berezian (aizkoran eta segan) elkarren aurka aritu diren Xabier Zalduaren eta Julen Gabirondoren arteko lehiak ere xarma berezia zuen. Azkenean, 23 segundoko aldea izan zen Zalduaren alde.

Ondorengoa izan zen azken sailkapena:

  1. Suharri Rodriguez (Hernani): 15:54
  2. Jokin Urretabizkaia (Donostia): 16:27
  3. Yon Irazu (Zizurkil): 16:32
  4. Xabier Zaldua (Zumarraga): 16:58
  5. Julen Gabirondo (Urnieta): 17:21
  6. Aratz Mugertza (Mutriku): 18:02
  7. Andoni Iruretagoiena (Aia): 20:01
  8. Unai Otaegi (Zizurkil): 21:53
  9. Unai Zabala (Leaburu): 23:56
  10. Ibon Garaiburu (Berastegi): 26.09
  11. Axel Larrañaga (Oiartzun): 27:45
  12. Urtzi Olasagasti (Donostia): 28:58

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!