Eskualdetik igaroko da Donostiako Klasikoa lasterketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 28a, 11:59

Larunbatean, hilak 31, gizonezkoen eta emakumezkoen Donostiako Klasikoa lasterketak jokatuko dira; munduko txirrindulari onentsuenak eskualdeko errepideetatik igaroko dira.

Iazko lasterketak bertan behera utzi eta gero, San Inazio egunez izango dira aurten gizonezkoen eta emakumezkoen Donostiako Klasikoak; berrogeigarren edizioa izango da gizonezkoetan; emakumezkoena, berriz, bigarren aldiz egingo da, lehen aldiz 2019an egin ondoren.

Emakumezkoen lasterketan, 18 talde lehiatuko dira, ia denak UCI World Tourrekoak. Kostaldean egingo dute 139,8 kilometroko ibilbidea; tartean, Oriotik eta Irundik igaroko dira eta Aia, Jaizkibel edota Murgil tontorra igaroko dituzte, Boulevardera iritsi aurretik; beraz, ez dira Tolosaldetik igaroko.

Txirrindulariei dagokienez, Lucy Kennedy (lehen edizioko irabazlea), Ane Santesteban, Lourdes Oyarbide eta Ellen Van Dijk nabarmendu daitezke. Eskualdeko ordezkariak ere izango dira tartean: Sopela Women's Team taldeko Naia Amondarain ibartarra eta Laboral kutxa-Fundacion Euskadi taldeko Eukene Larrarte tolosarra.

Eskualdetik barrena, Jon Irisarri tartean

Gizonezkoen lasterketak ez du kostaldea bakarrik zeharkatuko, eta aurreko edizioetan egin bezala, Gipuzkoan barrena ibiliko dira txirrindulariak. 223,5 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute, besteak beste, Zarautz, Deba, Azkoitia, Andoain, Hernani edota Hondarribiatik barrena. Tartean, Urraki, Erlaitz, Jaizkibel edota Murgil igoko dituzte. Igeldotik Oriora jaisteko errepideko baldintzen ondorioz, lasterketa ezin da hortik igaro, eta, segurtasunagatik, ibilbidearen lehenengo zatia aldatzea erabaki da.

Eskualdetik ere igaroko da. Bidania-Goiaztik sartuko da 14:00ak aldera, eta Tolosa zeharkatu ondoren, Anoetatik barrena eguneko gainetako bat igo beharko dute ondoren: Alkiza. Gero, Asteasura jaitsi eta Adunatik barrena joango dira Andoainera, 14:45ak aldera.

Hona hemen eskualdeko herrietako igarobideetako gutxi gorabeherako ordutegiak (abiaduraren arabera):

   Errepidea Egindako kilometroak Altuera (metrotan) Helmugarako kilometroak 38 km/o 40 km/o 42 km/o
BIDANIA-GOIATZ GI-37.40 86,1 506,4 137,4 14:10 14:03 13:57
Bidaniako gaina GI-2634 88,1 515,6 135,4 14:13 14:06 14:00
TOLOSA Herrigunea 97,0 82,0 126,5 14:27 14:20 14:13
Tolosa (Anoetarako bidegurutzea) GI3630 99,4 68,8 124,1 14:31 14:23 14:16
ANOETA GI3630 99,8 75,2 123,7 14:32 14:24 14:17
Anoeta (Alkizako igoeraren hasiera) GI3630 100,0 92,9 123,5 14:32 14:24 14:17
ALKIZA GI3630 104,1 324,1 119,4 14:39 14:30 14:23
 Alkiza (3. mailako mendatea) GI3630 104,2 330,3 119,3 14:39 14:31 14:23
ASTEASU GI-2631 108,4 77,4 115,1 14:45 14:37 14:29
ZIZURKIL GI-2631 110,0 104,2 113,5 14:48 14:39 14:31
ADUNA GI.3021 112,6 65,4 110,9 14:52 14:43 14:35

Gizonezkoen 25 taldek hartuko dute parte lasterketan. UCI World Tourrekoak dira gehienak, baina badira tartean talde gonbidatuak ere; Caja Rural Seguros RGA da horietako bat. Gonbidapen horri esker, taldeko txirrindularia den Jon Irisarri leaburuarra Donostiako irteeran izango da. Irisarri, ordea, ez da garaipenerako lehiarako faboritoen artean aurkitzen, sari horretarako izen handiko txirrindulariak baitaude, besteak beste, Julian Alaphilippe (2018ko garailea), Wilco Kelderman, Migel Angel Lopez, Daniel Martin, Simon Yates, Jonas Vingegaard, Bauke Mollema (2016ko irabazlea) edota Mikel Landa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!