Bikain amaitu dute denboraldia eskualdeko atletek

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 27a, 17:59

Asteburuan Huelvan jokatu den 18 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketarekin eman diote amaiera denboraldiari; Tolosa CF Atletismoko Ane Martinek lortu du posturik nabarmenena.

Asteburuan, 18 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu da Huelvako Iberoamerikar estadioan. Tolosa CF Atletismo klubeko lau atleta izan dira bertan lehiatzen. Ane Martin tolosarrak lortu du emaitza esanguratsuena. Bosgarren izan da 2.000 metroko oztopo lasterketan, 7 minutu eta 18 segundoko denbora ezarriz eta bere marka pertsonala zortzi segundotan hobetuz.

Bere marka pertsonala hobetu zuen beste atleta bat Manex Civico tolosarra izan da; hain justu, froga berean lehiatu da. Civicok, ordea, ez du final nagusira sartzea lortu eta kontsolazioko finalean aritu behar izan du. 6 minutu eta 12 segundoko markarekin, ordura arteko bere denbora onena lau segundotan hobetuz, hirugarren izan da (sailkapen nagusian, hamargarren).

Bere aldetik, Irati Azpilgain tolosarra 100 eta 200 metrotako probatan aritu da. Distantzia laburragoan bazen ere, bi probatan parte hartu duen eskualdeko atleta bakarra izan da. 100 metrokoan, haizea aurkako norabidean zuela, 12:61eko denbora egin du, bere marka pertsonaletik (12:29) gertu geratuz. 200 metrokoan ere hobetzetik oso gertu ibili da; 25:36koa zuen lehen, baina 25:75ekoa markatu du Huelvan.

Azkenik, Ander Aristi larrauldarra 400 metro hesietako lasterketan hartu du parte, baina ez du finalerako sailkatzea lortu, ezta bere marka pertsonala hobetzea lortu ere. Hala ere, 58:73ko denborari esker, lehendik zuen rankingeko 23. postua mantendu du.

Txapelketa honekin, Tolosa CF Atletismo klubak amaiera eman dio inoiz baino gehiago luzatu den denboraldiari, eta bide batez, klubeko entrenatzaile, atleta eta gurasoak zoriondu dituzte. “Marka eta errekorrez hitz eginez gero, urte oparoa izan da, inoizko emaitza onenak lortu direlako. Horrez gain, parte-hartzeetan ere inoizko datu onenak izan ditugu. Kluba, beraz, osasuntsu dago”. Irailean erronka berriei helduko diete eskualdeko atletek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!