Eskualdeko eskalatzaileak, gorengo mailan

Ataria 2021eko uztailaren 27a

Ezkerretik eskubira: Intza Elizalde, Maddi Agirre eta Udane Mujika.

Udane Mujika elduaindarrak eta Intxa Elizalde tolosarrak domina bana irabazi dute Lugon jokatu diren Overall modalitateko infantil eta kadete mailetako Espainiako Txapelketetan.

Asteburuan, eskaladako Overall modalitateko Espainiako Txapelketak jokatu dira Lugon (Galizia). Bertan, eskualdeko bi eskalatzaile izan dira. Batetik, Udane Mujika elduaindarra, infantil mailan; bestetik, Intza Elizalde tolosarra, kadete mailan. Bata zein bestea Club Vasco de Camping elkarteko eskalatzaileak dira, baina kasu honetan Euskal Selekzioarekin hartu dute parte. Overall modalitateak hiru proba ezberdin barne biltzen ditu: abiadura, blokea eta zailtasuna edo soka.
 
Emaitzei dagokienez, Mujika zazpigarren izan da; Club Vasco de Camping elkarteko eskalatzailea den Maddi Agirre ordiziarra izan da txapelduna. Taldeka, bigarren postua lortu dute Mujikak eta Agirrek, Ines Allende eta Gari Markuerkiaga eskalatzaileekin taldea osatuz. "Meritu handiko emaitza izan da, sei kiderekin lehiatu ordez, laurekin aritu direlako", adierazi dute elkartetik.
 
Bestetik, Elizalde tolosarrak ere lortu du podiumera igotzea, eta hirugarren postuan sailkatu da kadete mailan. Taldeka, ordea, seigarren izan da, Asier Antunez eta Garazi Uriarterekin batera.
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!