Tolosaldeko hainbat emakumeren inguruko artikuluak sortu ditu Jabetze Eskolak

Ataria 2021eko uztailaren 27a

Tolosaldepedia ekimenaren barruan, Izaskun Etxetxipia, Maria Luisa Agirre edota Arantxa Orbegozo Txitxi-ren ingurukoak sortu dituzte, genero arrakala gainditzeko helburuz.

Tolosaldeko ezagutza guztia Wikipedian sartzea helburu duen Tolosaldepedia egitasmoa otsailean hasi zen, eta urte amaiera arte iraungo du. Informazio hori guztia herritar eta kanpotar guztien eskura egotearekin batera, herritarren arteko harremanak sustatzea ere badu helburuen artean. Hala, hasiera batean proiektu herritarra Tolosa mailan garatzeko egitasmo gisa jaio bazen ere, itxialdian zehar proiektuak hainbat aldaketa izan zituen eta eskualde izaera hartu zuen.

Hainbat herritarrek, eragilek eta ikastetxek hartu dute parte ekimenean otsailetik hona. Jabetze Eskolak, esaterako, genero arrakala gainditzeko helburuarekin, Tolosaldeko hainbat emakumeren inguruko artikuluak sortu eta argitaratu ditu, hala nola, Izaskun Etxetxipia Goiburu, Maria Luisa Agirre, Arantxa Orbegozo Txitxi eta Yolanda Vargas Pozo-ren ingurukoak.

Bestalde, Tolosaldepediak barne hartzen duen Txikipedia egitasmoan, ikastetxeekin elkarlanean editatzen ikasteko lantegiak egin dituzte eta 8 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek hainbat artikulu sortu dituzte Tolosako pertsona nabarmenen inguruan. Orixe ikastetxeko ikasleek 38 artikulu berri sortu dituzte Txikipedian, Laskorain ikastolakoek bost eta Uzturpe ikastetxekoek, berriz, hiru.

Herritar helduen artean, 110 pertsonek hartu dute parte orain arte, eta 33 artikulu berri sortu dituzte guztira. 136 artikulu editatu dituzte eta 473 aldaketa egin dituzte, eta artikuluek 22.000 ikustaldi izan dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!