Ayala Serrano, Espainiako txapeldun taldekako erlojupekoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 27a, 07:59

Larraulgo txirrindulariak urrezko domina eskuratu du Madrilen, Euskal Selekzioarekin, eta lasterketa bakarraren faltan, Euskaldun Torneoa irabazteko zorian da

Ayala Serrano Manso txirrindulari larrauldarrak ez du berehalakoan ahaztuko 2021eko uztaila. Horren erakusle, azken bi asteburuetan errenkadan lortutako emaitza onak. 15 urte besterik ez ditu eta ZU-K Limousin taldearekin lehiatzen du. Hilaren 16tik 18ra, Madrilen jokatu ziren Junior Mailako Errepideko Espainiako Txapelketaren barruan, kadete mailako taldekako erlojupeko proban hartu zuen parte, Euskal Selekzioarekin.

10 kilometroko ibilbidea burutu behar zuten, beherantz hasi eta gorantz amaitzen zena. Lau txirrindulariko selekzioak izan ziren, eta bigarrenaren denborak hartzen ziren aintzat. Serranorekin batera, Nahia Aranak, Arene Perezek eta Itxaso Plazak osatu zuten Euskal Selekzioa. Beraiek egin zuten denbora onena: 18 minutu eta 49 segundo. Murtziako selekzioa izan zen bigarren (19:24); hirugarren, berriz, Gaztela eta Leongoa (19:36). «Probaren erdialdera, Nahia eta biok bakarrik geratu ginen. Hala ere, gure aurretik ateratako selekzioak aurreratzen ari ginen, eta hori bultzada handia izan zen guretzat», esan du Garridok. Amaieran, ordea, ez zuen txapelketa irabaztea espero.

Euskaldun Torneoa, eskura

Pasa den larunbatean, maila ezberdineko Euskal Herriko Txapelketak jokatu zituzten. Kadete mailako nesken proba Amurrion izan zen, eta Serrano hirugarren izan zen; urrezko domina irabaztetik bi segundora geratu zen larrauldarra. Lasterketa hori Euskaldun Torneorako puntuagarria zen, baita bezperan Bergaran jokatutakoa ere. Esprintean erabaki zen irabazlea, eta Serrano Valeria Mouro baino azkarragoa izan zen. Nesken kadete mailan, Serrano da Euskaldun Torneoko lider. Bederatzi puntuko aldea du bigarrenarekiko eta irailean jokatuko da azken proba.

Azken asteburuan, mutilek ere jokatu dituzte Euskal Herriko Txapelketa eta Euskaldun Torneoko proba. Junior Mailako Euskal Herriko Txapelketan, Limousin-Oriako taldeko Unai Zubeldia ibartarra hirugarren izan zen; irabazlearengandik minutu pasatxora helmugaratu zen. Euskaldun Torneoari dagokionez, ez da aldaketarik izan sailkapeneko lehen postuan eta Unai Iribar ibartarrak jarraitzen du lider. Laboral Kutxako txirrindulariak ez du azken probetan parte hartu, Madrilgo Itzulian izan baita. Bertan, baina, sailkapen nagusiko lehen postuetatik urruti geratu da, taldekideei lagundu nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!