Afizionatuen pilota torneoak, azken txanpan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 27a, 07:58

Bihar, Santio Txapelketako finalak jokatuko dira Amasa-Villabonako Behar Zana frontoian, eta Lau eta Erdiko Intxaur Txapelketa, finalerdietan da.

Une honetan, bi pilota txapelketa daude jokoan eskualdean, biak ere, afizionatuen mailakoak. Batetik, jada erabakita daude Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteak antolatutako Eskuz Binakako Santio Txapelketako finalak. Gazteen mailakoa, Hernaniko Apaolaza- Oiartzabal (gorriz) eta Donostiako Olaizola-Sorondo (urdinez) bikoteek jokatuko dute. Nagusien mailan, Hernaniko Urruzola-Etxezarreta (gorriz) bikoteak eta Errenteriko Urmeneta-Aranguren (urdinez) bikoteak ariko dira.

Bihar jokatuko dituzte finalak, Behar Zana frontoian, 18:30ean hasita. Sarrera doakoa izango da, baina Euskadiko Pilota Federazioak ezarritako arauak bete beharko dituzte ikusleek. Musukoa uneoro erabili beharko da harmailetan eta eserlekuak betetzean ezingo da inor gehiago sartu.

Bestetik, Lau eta Erdiko Intxaur Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte, Zizurkilen. Larunbatean, 20.00etan hasita, U. Alberdik eta Amianok (promesak) eta Landak eta Elolak (elite mailakoak) jokatuko dute elkarren aurka. Igandean, berriz, 12:00etan hasita, De la Fuente eta Fernandez (promesa mailan) eta Egiguren eta J. Alberdi (elite mailan) ariko dira lehian. Abuztuaren 7an izango dira finalak, 20:00etan. Zizurkilen ere, indarrean dauden neurriak errespetatu beharko dituzte, eta frontoiak duen edukiera kontuan hartuko dute. Sarrerek 3 euro balio dute (12 urtetik beherakoek, doan), eta udal bulegoetan eskuratu daitezke.

Itzulera, porrotarekin

Esku pilota profesionalari dagokionez, asteburuan, Caixabank Masters Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da. Eskualdeko pilotarien kasuan, lesiotik itzuli ondoren, Jakak berriz jokatu zuen Baiko Pilota enpresarekin. Xabi Tolosa atzelari zuela, 22 eta 17 galdu zuten Urrutikoetxea-Martija bikotearen aurka. Sailkapenean puntu batekin dira lizartzarra eta anoetarra eta hurrengoan Peña II.aren eta Rezustaren aurka jokatuko dute. Igandean izango da, Oñatin.

Tolosarra eta bergararra bi punturekin daude sailkapenean. Igandean garaipen baliotsua eskuratu zuten Olaizola II.aren eta Bikuñaren (Zabaletaren ordezkoa) aurka: 22-20. Bi partidetatik biak irabazi dituen beste bikotea Altuna III.ak eta Arangurenek osatutakoa da. Gipuzkoarrek 22 eta 16 irabazi zieten Elezkano II.ari eta Mariezkurrena II.ari. Larunbat gauean jokatuko dute hirugarren jardunaldiko partida, Zeanurin, liderra den Peio Etxeberria-Albisu bikotearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!