Hiru domina eta beste hainbeste errekor

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 26a, 19:59

Tolosaldea IKT taldeko Nahia Garrido igerilari urretxuarrak urrezko bi domina irabazi ditu Infantil Mailako Espainiako Txapelketan; Naia Sarasola ordiziarrak, zilarrezkoa lortu du.

Emozioz betetako denboraldi amaiera izaten ari da Tolosaldea IKT klubarentzat. Pasa den astean, Infantil Mailako Espainiako Txapelketa jokatu zen Sabadellen (Katalunia), eta eskualdeko taldeko lau igerilari izan ziren bertan. Guztiak ere, maila onean aritu ziren, eta hiru domina irabazteaz gain, errekor berri ugari ezartzea lortu zuten.

Nahia Garridok egindako lana izan da azpimarragarriena. 14 urtekoen mailan (gazteenen mailan) lehiatu da igerilari urretxuarra, urrezko bi domina irabazi ditu eta parte hartu zuen bost probetan lortu zuen finalera sailkatzea. Bizkar estiloko 100 eta 200 metrotako probatan izan zen azkarrena, hurrenez hurren, 1:03:76ko eta 2:18:03ko denborak eginez.

Horietan, 14 urtekoen mailako Euskal Herriko errekorra ezarri zuen eta 100 metrokoan txapelketako errekorretik segundo bakarrera geratu zen. Proba horretako markari esker, FINA sailkapenean puntu gehien lortu duen txapelketako emakumezko igerilaria izan da, munduko errekorretik gertuen ibili dena, alegia. 1.000 puntu posibleetatik, 736 lortu ditu urretxuarrak.

Domina eta errekor horiekin nahikoa ez eta, estilo libreko 200 metroko finalean seigarren izan zen (2:11:05). Bestetik, lau estiloetako 200 eta 400 metroko finaletan, hamargarren (2:31:58) eta zortzigarren (5:14:73) sailkatu zen, hurrenez hurren.

Naia Sarasola izan zen domina janztea lortu zuen klubeko beste igerilaria, kasu honetan, zilarrezkoa. 15 urtekoen kategorian lehiatu zen igerilari ordiziarra bigarren izan zen tximeleta estiloko 100 metroko finalean, 1:04:28ko markarekin. Lehen postuan sailkatu zen Laura Cabanesek erakustaldi handia eman zuen, eta segundo eta erdiko aldea atera zion Sarasolari.

Ordiziarrak beste hiru probetan ere hartu zuen parte, eta guztietan lortu zuen finalerako txartela. Tximeleta estiloko 200 metroko finalean ez zuen igeri egin, 100 metroko proba behar bezala prestatu nahi izan zuelako. Estilo libreko 100 metroko finalean hamargarren izan zen (1:00:51) eta bizkar estiloko 100 metrokoan zazpigarren (1:07:41).

Unai Zubeldia eta Markel Garmendia izan ziren eskualdeko beste bi ordezkariak; biak ere, 16 urtekoen mailan lehiatu ziren. Zubeldia bi probatan aritu zen, eta bietan lortu zuen finalean igeri egitea. Bizkar estiloko 100 metroko finalean bosgarren izan zen, 1:00:07ko denborarekin. Domina eskuratzetik oso gertu geratu zen, izan ere, segundo erdiko aldea besterik ez zion atera hirugarren sailkatuak. Estilo bereko 200 metroko finalean izan zuen aukera berria. Hemen, ordea, bederatzigarren izan zen Zubeldia, 2:14:58ko markarekin.

Azkenik, Markel Garmendia, estilo libreko 100 eta 200 metroko probetan eta tximeleta estiloko 100 eta 200 metrokoetan aritu zen. Lehenengoan, 54:87ko denbora egin ondoren, finaletik kanpo gelditu zen, hain justu, 2 hamarren besterik ez. 200 metrokoan lortu zuen finalean aritzea, eta zortzigarren izan zen, 1:59:23ko denbora eginda. Tximeleta estiloko 100 metroko proban lortu zuen posturik onena. Laugarren izan zen, brontzezko domina eskuratzetik oso gertu. Izan ere, 57:67ko marka egin zuen (16 urtekoen mailako Euskal Herriko errekor berria da); hirugarren sailkatuak, berriz, 57:61ekoa. Azkenik, estilo bereko 200 metroko finalean, bederatzigarren izan zen, 2:14:58ko denbora egin ondoren.

Nagusiagoen txanda
Infantil mailako Espainiako Txapelketaren ondoren, Junior eta Absolutu Mailako Espainiako Txapelketarekin emango die amaiera igeriketa denboraldiari. Abuztuaren 3tik 7ra jokatuko da, Kanaria Handian eta eskualdeari dagokionez, Tolosaldea IKT-ko hiru igerilarik hartuko dute parte: Eneko Garmendiak, absolutu mailan (bizkar estiloko 50, 100 eta 200 metrotako probetan eta estilo libreko 100 eta 200 metrotako probetan), eta Leire Maritxalarrek (tximeleta estiloko 100 metrotako proban eta estilo libreko 200 eta 1.500 metrotako probetan) eta Igor Arrigainek (lau estiloetako 200 eta 400 metrotako proban eta bular estiloko 100 metrokoan), 17 urtekoen mailan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!