1.800 euro lortu ditu Buru Bihotz elkarteak

Ataria 2021eko uztailaren 26a

Pezetak biltzeko abiarazitako kanpaina bukatuta, 1.800 euro eskuratu ditu Dementzia Bizitzen programa zabaldu ahal izateko.

Alzheimerra edo antzeko dementziak dituzten gaixoen eta haien senitarteko, lagun eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako Buru Bihotzez elkarteak pezetak biltzeko kanpaina abiarazi zuen duela hilabete batzuk. Tolosaldeko 11 dendatan itsulapikoak jarri zituen eta horietan utzitako pezetak bilduta, 1.800 euro eskuratu dituztela esan dute, "beraz, eskerrak eman behar dizkiegu laguntza eman diguten Tolosaldeko 11 establezimenduei, emandako laguntza solidarioagatik, izan ere, auzotar askok egin zuten elkartasuna jasotzeko ardura".

Jasotako dirua Dementzia Bizitzen programara bideratuko dutela esan du elkarteak eta zehaztu du programa profesionalek zuzentzen dutela eta alzheimerrak eta beste dementzia batzuek eragindako pertsonen bizi kalitatea hobetzera bideratuta dagoela. Irailean hasiko dute programa.

Alzheimerra eta antzeko dementzia duten senitartekoen Tolosaldeko familiek programa horretan parte hartu ahal dutela gogoratu du Buru Bihotzez elkarteak, doan, eta horretarako Burubihotzez.eus webgunera jo behar da edo 688 760 927 telefono zenbakira deituta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!