Osasun sailak emandako datuen arabera 12.586 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik, 1.769 (%14,1) positiboak izan ziren. Gipuzkoan, 564 atzeman zituzten, tartean, 54 Tolosaldean.
Adin tarteari erreparatuta EAEko positibo gehienak 10-19 urte artekoen artean atzeman dituzte (554), 20-19 artekoen artean 458 egon dira, eta 219 30-39 urtekoen artean. 17 eta 18 urte artekoen artean 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua oso altua da: 4.616,63koa.
5.000 biztanle baino gehiago dituzten Tolosaldeko herrien kasuan, Amasa-Villabona eta Tolosa kolore gorrian jarraitzen dute eta une honetan tasa bera dute: 1.030. Osasun eremuei dagokienez guztiek jarraitzen dute kolore gorrian; Alegiakoak 789,28ko tasa du, Ibarrakoak 714,19koa, Tolosakoak 984,68koa eta Villabonakoak 1.171,02koa. Tolosaldeko ESIa kolore gorrian dago 881,24ko tasarekin.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 47 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 50 pertsona ZIUn daude.
Labiren azken erabakia
EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (Labi) neurri berriak iragarri zituen atzo. Horien artean nabarmenenak dira jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00era aurreratzea eta jendea ibiltzen den hiriguneetan maskara derrigorrezkoa egitea. Neurriak gaur argitaratu eta sartuko dira indarrean. Era berean, astelehenetik aurrera gehieneko edukiera %35ekoa izango da lokal eta instalazio guztietan, eta jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitekeen pertsona kopurua ere gehiago murriztuko da.
Etxeratze agindurik ez izan arren, herritarrei «automugatzeko» eskatu zien atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Labik Betebehar zibikoak izeneko artikulua argitaratu zuen, gaueko joan-etorriak eta jende topaketak boluntarioki mugatzea eskatzeko. «Beste ahalegin bat egin behar dugu; beharrezkoa da, ezinbestekoa da», adierazi zuen Urkulluk.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!