Tolosaldearen historia ikertuko dute, euskaratik begiratuta

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 23a, 16:55

Euskarak irakaskuntzan, kulturgintzan, kalean, gizarte taldeetan nahiz instituzioetan izan duen bilakaera aztertuko du Galtzaundik hiru epealditan. Hiru urteko proiektua da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker garatuko da.

Tolosaldeko historiari euskaratik begiratzeko lana hartu du Galtzaundi euskara taldeak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo du ikerketa eta hiru urtetan banatuko da. Haritz Azurmendi Galtzaundiko jakintza arloko arduradun eta egitasmoaren koordinatzaileak azaldu duenez "mamia" dago ikerketa honen atzean: "Lan handia, polita eta, batez ere, beharrezkoa hartu dugu Galtzaundin. Euskarari dagokionean eskualde interesagarria da Tolosaldea. Herritar gehienen artean euskara izan da denbora luzez eguneroko hizkuntza, baina azken mendeetan Tolosako eta Villabonako kaleetatik desagertzeko zorian egon dela ere ezaguna da".

Euskarak Tolosaldean izan duen bilakaera ikertzeko hiru fase ezberdinetan banatuko dute lana. Hasiera batean 36ko gerra hasi zenetik XXI. mendera bitarteko epealdia hartuko dute; Bigarren fase batean, Euskal Pizkundea deiturikoa eta Karlistadak ardatz hartuta, 1833tik 1936rakodenbora tartea; Eta amaitzeko, 1833tik atzerako epealdia izango dute ikergai. Dagoeneko hasi dute lana eta gertuen geratzen zaigun epealdia zergatik aukeratu duten azaldu du Azurmendik: "Elkarrizketak egin eta lekukotza horiek jasotzea da ikerketaren puntu garrantzitsuenetako bat eta 1936tik honako epealdia ezagutu duten herritar asko bizirik dagoenez, haien testigantzak jasotzeko aukera izango dugu".

Protagonisten hitzak gorde eta baimena ematen duten kasuetan hauek grabatuko dituzte lehen fasean, Azurmendiren esanetan, lekukotza horiek etorkizuneko material interesgarri moduan gordeko lirateke. Zuzeneko lekukotzak grabatzeaz gain, lan bibliografikoarekin eta artxiboko informazioarekin osatu nahi dute lana, "garaiko euskararen egoeraren irudia osatzea da asmoa". Horretarako lau esparru ikertuko dira nagusiki: irakaskuntza eta alfabetatzea, kulturgintza eta artea; gizarte taldeak eta kaleko giroa; eta instituzio publikoak eta eragile soziopolitikoak. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean lanak lehenago eginda dauden ikerketa ezberdinekin lotura sortuko duela esan du Azurmendik. "Ez gara hutsetik abiatuko eta aurretik egindakoa aprobetxatuko dugu".

Eskualdea erreferente

Euskararen Historia Soziala Tolosaldean lana Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker garatuko da eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalek egitasmoaren "garrantzia eta balioa berezia" azpimarratu ditu. "Euskararen sugarrak, oztopoak eta gorabeherak gorabehera, Tolosaldean bizirik eta indartsu iraun du, belaunaldiz belaunaldi, azken hamarkadetan. Euskaltzaletan aktibo hori, gainera, Gipuzkoa eta Euskal Herri osorako erreferentzia eta akuilua izan da". Mendizabalen ustetan euskaltzaletasun horren bizipenak, iritziak eta testigantza jasotzea "sakontasun handiko" ekarpena da. "Herri gisa dugun izaeraren eta historiaren funtsezko atal bat azaleratzea dakar, hamarkada askotan zokoratua eta estalia izan dena". Euskararen erabilera indartzeko erakundeak eta euskalgintza elkarlanean ari diren honetan, iraganean izandako esperientzia eta historiaren berri izatea "ezinbestekoa" dela deritzo foru zuzendariak.

Tolosako alkate Olatz Peonek ere garrantzia eman dio Galtzaundiren ikerketari. "Tolosa eskualdearen erdigune izateak, harreman askoren elkargune izatea ekarri dio gure herriari, bai eskualde mailan, baita hortik kanpora ere". Komunikazio eta harreman sare horretan euskarak izan duen lekua eta herritarrek izan dituzten bizipenak jasotzea herria ulertzeko pauso garrantzitsua dela aipatu du Peonek. Gainera interesgarritzat jo du euskarak Tolosan azken 100 urteetan izan duen bilakaera positiboa: "1985etik 20 puntu igo da euskararen erabilera Tolosako kaleetan". Bilakaera horri begiratzeak, jasandakoa aitortzeko eta jende askoren lana eskertzeko ez ezik, etorkizunean euskaraz bizitzen jarraitzeko formula egokiak irudikatzeko ere balioko duela esan du Tolosako alkateak.

Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak eskualdean herri txikienen eragina gogoratu du, gehiengoa euskaldun ia elebakarra izanda, azokara jaisten zirenean eramaten zutelako euskara Tolosako edo Villabonako kaleetara. Herri txiki horiek euskara ikasi nahi zutenentzako inguru egokiak eskaintzeko egin duten lana ere azpimarratu du, Alkizako edo Orexako barnetegiak gogoratuz. Azken urteetan herri horietan izan diren aldaketa nabarmenak ere aipatu ditu Alkizako alkateak: herriek biztanle berriak hartu dituzte, hizkuntza ohitura desberdinekin etorri direnak, eta horiek euskarari ere erronka berriak jarri dizkiote. Horrelako ikerketek, hain justu, aldaketa horiek hobeto ulertzeko balio dutela esan du.

Ekarpenetarako aukera

Beraien bizipen eta dokumentu pertsonalekin ikerketan laguntzera animatu dituzte herritarrak Galtzaunditik. "Etxeetan gordetako informazioa, argazki zaharrak, funts pertsonalak, liburuak edota zuzenean bizitakoak partekatzera animatzen ditugu", esan du ikerketaren arduradunak. Horretarako gogoan izan ditu harremanetarako bideak: galtzaundi@galtzaundi.eus posta elektronikoa, 943 65 50 04 telefonoa edota Tolosako Nafarroa etorbideko seigarren zenbakian dagoen Galtzaundiren egoitza.

Hiru urteotan bilduko duten informazioaren zabalkundeari "potentziala" ikusten dio Galtzaundik. "Hemen jasotakoa informazio bildu eta unitate didaktiko bat sortuz eskoletara eramatearekin edo gaiari kalean ikusgarritasun emateko ibilbide turistiko-kulturalak sortzearekin egiten dugu amets; ohiko liburu edo ikus-entzunezkoak baztertu gabe, dibulgazioari garrantzia eman nahi diogu eta lana amaitutakoan aztertuko ditugu aukera horiek guztiak".

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!