Nahia Garrido, Espainiako txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 22a, 15:58

Tolosaldea IKT klubeko igerilari urretxuarrak urrezko domina irabazi zuen atzo, infantil mailako txapelketan, bizkar estiloko 100 metrotako finala irabazi ondoren.

Eskualdeko igerilariak ezin hobeto ari dira denboraldi amaieran. Tolosaldea IKT klubeko Nahia Garrido igerilari urretxuarrak urrezko domina irabazi zuen, atzo, Sabadellen jokatzen ari den infantil mailako XLI. Espainiako Txapelketan. Bizkar estiloko 100 metroko proban izan zen, 14 urtekoen mailan. Bera heldu zen igerilari guztien arteko denbora onenarekin, eta erakustaldi handia eman ondoren, azkarrena izatea lortu zuen. 1:03.76 izan zen bere denbora; bigarren sailkatu zen Estella Llum Tonrathek ia bi segundo gehiago behar izan zituen: 1:05:03. Marka horri esker, Euskal Herriko errekor berria ezarri du Garridok.

Garridoz gain, klubeko beste hiru igerilari daude Sabadellen: Naia Sarasola, Unai Zubeldia eta Markel Garmendia. Honako hauek izan dira orain arte lortutako emaitzak:

  • Nahia Garrido (14 urtekoen mailan):
    • Zortzigarren, lau estiloetako 400 metroko finalean: 5:14:73
    • Lehenengo, bizkar estiloko 100 metroko finalean: 1:03:76

  • Naia Sarasola (15 urtekoen mailan):
    • Hamargarren, estilo libreko 100 metroko finalean: 1:00:51
    • Hamargarren, tximeleta estiloko 200 metroko finalean: 2:32:41
    • Zazpigarren, bizkar estiloko 100 metroko finalean: 1:07:41

  • Unai Zubeldia (16 urtekoen mailan):
    • Bosgarren, bizkar estiloko 100 metroko finalean: 1:00:07

  • Markel Garmendia (16 urtekoen mailan):
    • Bederatzigarren, tximeleta estiloko 200 metroko finalean: 2:15:37
    • Hamalaugarren (finaletik kanpo), estilo libreko 100 metroko proban: 54:87 

Gaur arratsaldean, eskualdeko igerilariak final ezberdinetan ikusteko aukera izango da, esteka honetan klik eginda. Bihar goizean, berriz, sailkatze proba gehiagotan ariko dira, arratsaldeko finaletan sartzeko lehian.

Espainiako Txapelketa jokatu baino lehen, klubeko hainbat igerilarik euren markak hobetu dituzte Euskal Herri mailan. Uztaileko lehen asteburuan, Euskal Herriko Igeriketa Txapelketa jokatu zen Galdakaon. Tolosaldea IKT klubeko igerilariek emaitza oso onak lortu zituzten: domina ugari, taldeko hainbat errekor berri, marka pertsonal mordoa eta jokatu ziren errelebotako 6 probetatik 5 garaipen. Mutiletan, lehen postua eskuratu zuten; nesketan, berriz, hirugarren izan ziren. 14 urtekoen mailan, Garridok berak, Euskal Herriko errekorra hobetu zuen, bizkar estiloko 200 metroko proban, 2:14:44ko denborarekin.

Mattin Zubeldia izan da denboraldia espero baino hobeto amaitu duen klubeko beste igerilari bat. Pasa den astean, Espainiako Alebin Txapelketan parte hartu zuen, Tarragonan. 14 urtekoen mailan, bizkar estiloko 100 metroko finalean laugarren denbora onena egin zuen tolosarrak: 1:02:49.

Azkenik, pasa den asteburuan, Euskal Herri mailako proba ezberdinak ospatu ziren, Irunen. Kontrol modukoak izan ziren, eta klubeko hainbat igerilarik euren markak hobetu zituzten; tartean, hiru igerilarik, lau errekor absolutu gainditu zituzten.

  • Leire Maritxalar:
    • Estilo libreko 200 metrotako errekorra: 2:07:68
    • Estilo libreko 1.500 metrotako errekorra: 18:13:32
  • Imanol Eceiza:
    • Bular estiloko 50 metrotako errekorra: 30:22
  • Nahia Cristobalena:
    • Bular estiloko 200 metrotako errekorra: 2:43:85

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!