Herri modura antolatzeko asmoa berretsi dute eskualdeko hainbat hautetsik

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 22a, 11:58

Alkateen Mugimenduaren 45. urteurrenak 70 hautetsi bildu zituen atzo Bergaran. Tartean izan ziren, Alkiza, Alegia, Asteasu, Berastegi eta Tolosako alkateak ere. Manifestu batean, «herriaren askatasunerantz» jotzeko beharra azpimarratu zuten.

1976ko uztailaren 21ean Euskal Herriko udalen elkargune bilakatu zen Bergara. Alkateen Mugimendua deitu izan zitzaiona, foruen deuseztapenaren 100. urteurrenean sortu zen, eta besteak beste, frankismoko presoen amnistia, euskararen ofizialtasuna, ikurrinaren legeztatzea eta 1930eko Lizarrakoaren moduko autonomia estatutua eskatu zituen. 45 urte igarota, hautetsi independenteek, EH Bildukoek eta EAJkoek bat egin dute Bergaran, mugimenduaren urteurrena ospatu eta Euskal Herriaren egungo erronkei herri bezala aurre egiteko beharra azpimarratzeko. Inaki Irazabalbeitia, Arantxa Irazusta, Amaia Azkue, Pili Legarra eta Olatz Peon, hurrenez hurren, Alkiza, Alegia, Berastegi, Asteasu eta Tolosako alkateak San Martin plazan antolatutako ekitaldian izan dira.

«Orain 45 urte Bergarara deitu gintuztenek igarri zioten herriak zer sentitzen eta zer behar zuen, eta foruen indargabetzeak eragindako askatasun deuseztapena oroitzeaz gainera, urratu beharreko bidea zein zen erakutsi ziguten, konpromiso politikoari eta sozialari helduz», adierazi dute bertan bildutako hautetsiek. Beraz, «aldarri hutsetatik harago», herri modura antolatzeko asmoa berretsi dute manifestura atxikitako alkateek: «Orain, munduari esaten diogu herri hau, Euskal Herria, bizirik dagoela oraindik, eta aurrerantzean ere biziko dela, hori nahi baitu gure herriaren gehiengo handi batek».
 
Koronabirusaren pandemian bizia galdu duten euskaldunak gogoan hartuta, egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei elkarrekin erantzuteko beharra ere nabarmendu dute manifestuan: «Orduan bezala, egungo egoera honetan ere, desafio berriei ekin beharrean gaude, eta argi adierazi nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan».
 
Hala, Alkateen Mugimenduaren sorreratik 45 urtera, Euskal Herria «beste bidegurutze batean» dagoela ohartarazi dute, eta, hura gainditzeko, «estrategikoki zuzenak diren erabakiak» hartu behar direla azpimarratu. Hain zuzen, osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren eraginez arrakala sozialak eta noraez politikoak areagotu daitezkeela gogoratu dute: «Gure herria eta jendea aurrera ateratzeko ordua da, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta».
 
Hain zuzen, subiranotasunaren bidean, Alkateen Mugimenduak Euskal Herriaren «izateko eskubidearen» alde egin zuela gogoratu dute manifestuaren bidez, «etorkizuneko helmuga non egongo den erabakitzeko» borondatea agertu zuela nabarmenduz: «Adierazpen hura indarrean dago, eta, gaur, 45 urteren buruan, guri dagokigu aurrera jotzea, gure herriaren askatasunerantz».
 
Omenaldia alkate ohiei
 
San Martin plazan ikurrina altxatu eta gero, Bergarako eta Arrasateko alkateek lore sortak eskaini dizkiete Alkateen Mugimenduaren sorreran parte hartu zuten alkate ohi batzuei: Jose Luis Elkoro (Bergara), Patxi Basauri (Elgeta), Jose Antonio Altuna (Arrasate), Luis Arkauz (Oñati), Jose Mari Kortabarria (Antzuola) eta Jabier Errazti (Eskoriatza).
 
Ondoren, ekitaldira joandako hautetsiekin batera, Bergarako taldearen argazkia egin dute udaletxe parean, eta, horren ostean, udalbatza aretoan antolatutako Alkateen Mugimenduari buruzko erakusketa bisitatu dute. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!