Erik Jakaren itzulera, igandean

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 21a, 17:49

Izan duen arazo fisikotik sendatu ondoren, pilotan jokatzeko moduan da lizartzarra; Xabi Tolosarekin batera ariko da Caixabank Masterseko bigarren jardunaldian, Urrutikoetxea-Martija bikotearen aurka.

Erik Jaka prest dago berriz frontoietan lehiatzeko. Lizartzako aurrelaria perikarditisetik osatu da, eta errehabilitazio luzearen ondoren, berriz jantziko du Baikoren elastikoa. Enpresak adierazi duenez, intentsitatea handitu du azken entrenamenduetan, eta jokatzeko moduan dagoela ikusi ondoren, igandean izango du Caixabank Masters Txapelketako lehen neurketa, Gatikako Artepe frontoian. Xabi Tolosa atzelari anoetarrarekin batera jokatuko du, Mikel Urrutikoetxea eta Julen Martijaren aurka, 17:00etan hasiko den jaialdian.

Txapelketa berean ari diren eskualdeko beste bi pilotariek ere asteburuan jokatuko dute. Altuna III.ak, larunbatean jokatuko du, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Arangurenekin bikotea osatuz, Elezkano II.a eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari, 18:00etan hasiko den jaialdiko bigarren neurketan.

Jakaren eta Tolosaren antzera, Peña II.ak ere igande arratsaldean jokatuko du bigarren jardunaldiko partida, Laudion. Rezusta atzelari duela, Olaizola II.a eta Zabaleta izango dituzte aurkari, 18:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan.

Aurreko asteburuan eman zitzaion hasiera txapelketari, eta eskualdeko hiru pilotari izan genituen lehian. Jakaren ordez aritu zen Lasok jokatu zuen Tolosarekin, eta 22 eta 19 irabazi zieten Olaizola eta Zabaletari, partida gogoangarrian. Peñak eta Rezustak asko sufritu behar izan zuten lehen puntua eskuratzeko; 22 eta 21 irabazi zioten Urrutikoetxea-Martija bikoteari. Azkenik, Altunak ere ez zuen partida erraza izan. Amezketarra eta Aranguren, 21 eta 12 joan ziren aurretik, baina azkenean lau tantoren aldearekin besterik ez zuten irabazi Ezkurdiaren eta Imazen aurka: 22-18.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!