Tolosa eta Donostia arteko autobus zerbitzuan murrizketak bertan behera utziko dituzte

Ataria 2021eko uztailaren 19a

Tolosatik Donostiara herriz herri autobus zerbitzuaren (BU07 linea) maiztasuna, berriro ere, ordu erdirokoa izango da irailetik aurrera.

Uztailaren 1ean sartu zen indarrean Lurraldebusen ordutegi berria. Eta, besteak beste, Tolosatik Donostiara herriz herri doan zerbitzuaren maiztasuna 30 minutuero izatetik, 60 minutuero izatera murriztu da, Gipuzkoako Foru Aldundiak horrela erabakita. Zerbitzu honen erabiltzaileen kezka eta ezinegona ikusita, Amasa-Villabonako eta Irurako udalak Buruntzaldeko beste hainbat alkate eta udal ordezkarirekin batera joan den astean bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako arduradun politiko eta teknikoekin.

Udal ordezkariek Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerori Lurraldebuseko erabiltzaileen "haserrea eta ezinegona" helarazi zioten. Era berean, eskaera argia jarri zuten mahai gainean: autobus zerbitzu horren maiztasuna ordu erdikoa izatea, uztailaren 1era arte zegoen moduan. Aldundiak eskaera ulertu, eta, irailetik aurrera, zerbitzuaren maiztasuna lehengora bueltatzeko konpromisoa hartu zuen udal ordezkarien aurrean.

Amasa-Villabonako Udalak esan du bilera horren emaitza "oso positiboa" izan dela eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoa beteko duela espero du. "Autobus garraio publikoa bultzatu nahi bada, autobus zerbitzuen maiztasunetan murrizketak egiteak ez du inolako zentzurik", esan dute udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!