Txikia IV eta Atutxa II, Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiko garaile

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 17a, 12:59

Atzo gauean, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatu zuten bost bikotek, eta azkoitiarra eta dimarra izan ziren onenak. Jexux Mujika ibartarra, laugarren izan zen; Jon Irazu zizurkildarra, berriz, bosgarren.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izan zen, atzo, Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioaren finala. Guztira, 24 aizkolari izan ziren parte hartu zutenak, 12 bikotetan banatuta: lehen mailako 5, promozio mailako 4 eta emakumezkoen mailako 3. Txikia IV.a - Atutxa II.a bikotea izan zen azkarrena lehen mailan. Promozio mailan, Julen Kañamaresek eta Pellejerok irabazi zuten, eta emakumezkoen mailan, berriz, Zelai III.a eta Ansorregi izan ziren txapeldunak.

Lehen mailan, erraz nagusitu ziren Txikia eta Atutxa, eta minutu bateko aldea atera zien bigarren izan ziren Vicente eta Azurmendiri. Mujikak eta Irazuk, laugarren eta bosgarren postuekin konformatu behar izan zuten, lehen bi postuetatik urruti. Promozio mailako lehia berdindua izan zen, eta azken bi enborretan erabaki zen txapelduna. Azkenik, emakumezkoen lehian, lehen enborretik aurreratu ziren gerora txapeldun izan ziren Zelai eta Ansorregi, gainerakoei aukerarik eman gabe.

Lehen maila:

  1. Txikia IV.a – Atutxa II.a: 39:49
  2. Iker Vicente - Azurmendi: 40:44
  3. Otaño – Ugaitz Mugertza: 43:44
  4. Larrañaga - Mujika: 45:09
  5. Irazu - Rekondo: 47:09

Promozio maila:

  1. Julen Kañamares - Pellejero: 20 :59
  2. Eneko Saralegi – Aratz Mugerza: 21:45
  3. Larrea III.a – Zelai IV.a: 22:10
  4. Jauregi – Eloy Corchero: 22:21

Emakumezkoak:

  1. Zelai III.a - Ansorregi: 12:17
  2. Tanco - Maika: 13:05
  3. Arruti - Julia: 18:06

Urrian egingo den sailkapen txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren hurrengo hitzordua; kasu honetan, banakako txapelketaren bigarren edizioa jokatuko da, eta azaroan emango zaio amaiera, finalarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!