Berrekin Tolosaldea egitasmoaren ondorioak aurkeztu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 16a, 18:00

Eskualdeko enpresetan pandemiaren eragina aztertu dute Berrekin Tolosaldea egitasmoaren barruan. Turismo sektorean izan da galerarik nabarmenena.

Eskualdeko enpresa sarearen diagnosia egin du Tolosaldea Garatzenek, pandemiaren ondorioei aurre egiteko, garatu beharreko helburuak identifikatzen laguntzeko eta diru laguntzei buruzko orientazioa emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako departamenduaren babesarekin jarri du martxan egitasmoa eta ondorio nagusiak eman dituzte ezagutzera Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Joxe Luis Urdangarin kudeatzaileak.

Garapen agentziako teknikariek eskualdeko 100 enpresa bisitatu dituzte. Erdia, 50, industria eta zerbitzu enpresak izan dira, 30 ostalaritza eta turismo sektorekoak eta 20, berriz, ekintzaileek sortutako enpresak. Banakako elkarrizketa eta analisi indibidualak eginez, eskualdeko enpresen etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua bultzatzea izan da ekimenaren helburua Urruzolaren hitzetan, "hortik abiatuta enpresen beharrak identifikatzeko".

COVID-19aren hiru ondorio nagusi antzeman dituzte eskualdeko enpresa sarean: enpleguaren galera, fakturazioaren jaitsiera eta inbertsioen beherakada. Urdangarinek xehatu ditu datuak eta nabarmendu du turismo sektorean izan dela galerarik nabarmenena. "Orokorrean sektore horretan %32,8an egin du behera enpleguak eta datua okerragoa da ostalaritza sektorean, %42,3ko galera izan da. 2019an turismo arloko enpresetan, bataz beste, 5,7 langile bazeuden, 2020an 4,3ra jaitsi da kopurua".

Industria sektorean enpleguaren galera apalagoa izan dela esan du garapen agentziako gerenteak eta aztertutako 50 enpresetan 1.506 langile ari direla adierazi du, 2019ko datuekin alderatuta %1,5 gutxiago. Ekintzaileen kasuan, iazkoarekin alderatuta, antzerakoa da datua.

Diru sarreren beherakada

Berrekin Tolosaldea egitasmoaren barruan jasotako ondorioen artean Tolosaldea Garatzeneko arduradunek ikusi dute behera egin dutela enpresen diru sarrerek. Kasu honetan ere, turismo arloan izan da beherakadarik nabarmenena (-%36,6), eta apalagoa industria eta zerbitzu enpresen kasuan (-%19) eta ekintzaileen enpresen artean (-%5,5).

Ekonomia eta finantza alorra aztertuta ateratako ondorioen inguruan ere hitz egin Urdangarinek: "Emaitzek erakusten dute enpresak egindako ekintza gehienak gastuak murrizteari eta aurrezkiak ezartzeari buruzkoak izan direla. Salmenta eta diru sarrerak berreskuratzeko ekintzak ere sumatu ditugu". Jaitsiera nabarmena izan dute inbertsioek sektore ezberdinetan: %62koa turismoan, %59koa industria eta zerbitzu enpresetan eta %31koa ekintzaileen artean.

"Ziurgabetasuna" nagusitu da Urdangarinen hitzetan azken urte eta erdian. "Neurri murriztaileak, itxiera irekierak eta neurrien aldaketak eragina izan dute eskualdeko enpresen jardueran". Lan egiteko moduan aldaketak ere antzeman dituzte, batez ere, eskaintzan. "Banaketan eta salmenetan bitartekaritzak pisu handia hartu du", esan du garapen agentziako kudeatzaileak. "Bezero berriak topatzeko zailtasunak izan dituzte enpresek, edo behintzat, bezeroekin harremanak hoztu dira, presentzialtasuna jaitsi delako".

Aurrera begira

Etorkizuneko erronkak izan ditu aipagai Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta bi arlo aipatu ditu: digitalizazioa eta prozesuan automatizazioa eta produktuen dibertsifikazioa. "Turismo ikuspegitik, adibidez, aukera berriak zabaltzen zaizkigu orain, pandemiak erakutsi dizkigu bide berriak".

Enpresekin langileen egonkortasuna eta lan baldintzen hobekuntza lantzen jarraituko dutela esan du Urruzolak, "etorkizunera begira, berriro horrelako kasuak gertatuko balira, indartuta ateratzeko aukerak emango dizkigulako". Berrekin Tolosaldea ekimenaren bitartez egindako diagnostikoa errealitatea zein den jakiteko baliagarria izan dela aipatu eta enpresaz enpresa bisitak egin dituzten Tolosaldea Garatzeneko Enpresa, Turismo eta Ekintzailetza sailetako teknikarien prestutasuna eskertu du.

Funtsezkoak diren jarduerak identifikatu eta epe laburreko erronkei buruzko hausnarketa egiteko balio izan du Berrekin Tolosaldeak. "Epe luzeko posizionamendua finkatzeko hausnarketa sustatzen jarraituko dugu, eta horretarako, epe motzera jarri beharreko helburu eta horiek lortzeko ekintzak zehazten lagundu digu diagnostikoak. Plan hori ezartzeko enpresek eskura dituzten diru laguntza eta programen inguruko informazioa eta orientazioa emango diegu aurrerantzean ere, bakoitzaren beharretara egokitutako finantziazio iturriak eta formazio aukerak identifikatuz", esan du Urruzolak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!