Tolosaldea IKT-koak, gelditu gabe

Ataria 2021eko uztailaren 14a

Aurtengo San Joan Sarian parte hartu zuten Tolosaldea IKT-ko igerilariak.

Eskualdeko hainbat igerilari Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira entrenatzen eta Mattin Zubeldiak Espainiako Txapelketan parte hartuko du, etzi eta larunbatean.

Azken asteburuan, igerilekuan aritzen diren eskualdeko igerilariek ez dute txapelketa edo lasterketarik izan. Tolosaldea IKT klubeko infantil, junior eta absolutu mailako hainbat igerilari Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira entrenatzen. Infantilak Calellan (Katalunia) aritu dira, eta bertan, klubeko sei igerilarik hartu dute parte. Junior eta absolutu mailakoak, berriz, Malagan izan dira.

Gaur, aire libreko alebin mailako Espainiako Txapelketari ekin diote Tarragonan, eta bertan da Mattin Zubeldia klubeko igerilaria. Bi probatan hartuko du parte, biak ere, bizkar estiloan: 100 eta 200 metrotan. Ostiralean izango du lehena, 100 metrotakoa; 200 metrotakoa, berriz, larunbatean. Esteka honetan klik eginez jarraitu ahal izango dira bi probak, baita txapelketa osoa ere. Halaber, datorren astean, infantil mailan egingo da Espainiako Txapelketa; hain justu, hilaren 20tik 23ra bitarte.

Azkenik, absolutu mailako igerilariek, Gipuzkoako Absolutu Mailako Kontrol Txapelketan parte hartuko dute, Irunen. Bertara joan ahal izateko, gutxieneko denbora behar izan dute igerilariek, eta Tolosaldea IKT klubari dagokionez, 18 igerilari izango dira bertan; 11, gizonezkoen mailan, eta 7, emakumezkoetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!