Eskualdeko bi aizkolari, Sherpai.ai Binakako Aizkolari Txapelketan

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 14a, 07:58

Hiru mailatan banatuta jokatuko da txapelketa Azpeitian, etzi; lehen mailan Jexux Mari Mujika ibartarra eta Jon Irazu zizurkildarra ariko dira, Larrañaga eta Rekondo lagun hartuta.

Sherpai.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia, etzi, Azpeitian jokatuko da. Iaz aizkolariek bultzatuko proiektuak jarraipena izango du, eta lehen mailako 10 aizkolari eta promozio mailako zortzik parte hartuko dute. Aurtengo berrikuntzak emakumeen txapelketa dakar, eta sei aizkolari lehiatuko dira. Lehen mailako kategorian lehiatuko dira parte hartuko duten eskualdeko bi aizkolariak: Mujika ibartarra Larrañagarekin bikotea osatuta, eta Irazu zizurkildarra Rekondo lagun duela.

Izarraitz pilotalekuan izango da, eta ikusleek bertatik bertara gozatzeko aukera izango dute. Bikoteak kategorien arabera ariko dira, eta txanda libreko modalitatean enbor sorta desberdinak ebaki beharko dituzte.

Promozio mailako bikoteek emango diote hasiera jaialdiari, eta lau kana-erdiko, 60 ontzako hiru enbor eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte. Hauek dira lau bikoteak osatzen dituzten aizkolariak: Larrea III - Zelai IV; Jauregi Eloy Corchero; Julen Kañamares - Pellejero eta Eneko Saralegi Aratz Mugerza.

Jarraian emakumezkoen txanda izango da, eta lau enborren aurka ari beharko dute, bi oinbiko eta 45 ontzako bi enbor ebakitzeko. Zelai III.a eta Ansorregi; Tanco eta Maika; eta Arruti eta Julia dira parte hartuko duten hiru bikoteak.

Jaialdiko azken lehia lehen mailako kategoriakoa izango da. Iker Vicente eta Azurmendi; Larrañaga eta Mujika; Otaño eta Ugaitz Mugertza; Irazu eta Rekondo; eta Txikia IV eta Atutxa IIa ariko dira. Hauek, hiru diametroko 18 enborrekin ariko dira, 8 kana-erdiko, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko, hain justu.

Promozio eta lehen mailetan sailkapen errondetan jarraituko dute udazkenean, eta etzikoa binakako txapelketako proba sortako lehen txapelketa izango da.

Txapelketa final handi batekin amaituko da azaroan, eta honela bigarren urtez Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapeldun absolutua aterako da. Bakarkako txapelketa udazkenean jokatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!