Eskualdeko lau pilotari, Caixabank Masters txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 12a, 16:58
Goizean aurkeztu dute Caixabank Masters txapelketa, Gasteizen. BAIKO PILOTA

Altuna III.ak Arangurenekin osatuko du bikotea, Peña II.ak Rezustarekin, eta Jakak eta Tolosak batera jokatuko dute; ostiralean hasiko da eta irailaren 19an izango da finala.

Koronabirusaren pandemia dela eta, oraindik ere arrisku egoera larria denez, aurtengo udan ere ez dira herrietako festak ospatuko. Jai horietan, ohikoak izaten dira binakako pilota torneoak, baina iaz bezala, aurten ere, ez da halakorik izango (Sanferminetakoa soilik ospatu da Iruñeko Labrit pilotalekuan, baina hiru jaialdi soilik izan dira). Ondorioz, pilota enpresek txapelketa bakarra egitea erabaki dute: Caixabank Masters Txapelketa.

2020an bezala, zortzi bikote misto osatu dituzte Baiko Pilota eta Aspe enpresek, eta tartean, Tolosaldeko lau pilotari izango dira. Iaz Rezustarekin batera txapeldun izan zen Iñaki Artola alegiarrak ez du jokatuko (min hartuta dago oraindik), eta eskualdeko beste pilotari batek osatuko du bikotea bergararrarekin: Peña II.ak. Egungo buruz buruko txapeldun Jokin Altun amezketarrak, Aitor Arangurenekin jokatuko du. Erik Jaka eta Xabier Tolosa dira eskualdeko beste ordezkariak, eta lizartzarra eta anoetarra elkarrekin ariko dira. Olaizola II.a-Zabaleta, Urrutikoetxea-Martija, Ezkurdia-Imaz, Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a eta Peio Etxeberria-Albisu dira gainerako bikoteak.

Hain justu, eskualdeko pilotariekin osatutako bikoteak emango dio hasiera txapelketari. Ostiralean jokatuko dute lehen jardunaldiko lehen partida Jakak eta Tolosak, Zaldibarren, Olaizola II.a-Zabaleta bikotearen aurka. Hainbat astez geldirik egon ondoren, kantxara itzuliko da lizartzarra; anoetarrak, berriz, aukera handi bat du aurrean. Larunbatean, Peña II.ak eta Rezustak, Urrutikoetxearen eta Imazen aurka jokatuko dute, Zeberion. Lehenengo jardunaldiari amaiera emateko, Altunak eta Arangurenek, Ezkurdia-Imaz bikotearen aurka jokatuko dute, igandean, Irunen.

Zazpi jardunaldiko itzuli bakarra izango da, hau da, bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute, eta abuztuko azken asteburuan jokatuko da azken jardunaldia. Sailkapeneko lehen bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara. Iraileko lehen asteburuan, finalerdietara sailkatzeko kanporaketako partidak jokatuko dituzte; hirugarren sailkatutako bikoteak seigarren sailkatutakoaren aurka jokatuko du, eta laugarrenak, bosgarrenaren aurka. Bigarren asteburuan, berriz, finalerdien txanda izango da. Azkenik, irailaren 19an, igandea, jokatuko da finala, Gasteizeko Ogeta pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!