Saralegi eta Regillaga judokak, Europako txapeldunorde

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 8a, 11:57

Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu dute Unai Saralegik eta Unai Regillagak, kata modalitatean.

Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu dute, judoaren kata modalitatean. Polonian jokatu da txapelketa asteburu honetan eta oso pozik itzuli dira lortutako emaitzarekin. «Sekulako lorpena da», esan du Saralegik. «Hor aritu gara azken bi urteetan Europako Txapelketara joateko nahiarekin. Egingo zen edo ez zalantzak izan dira, eta azkenean joan gara eta espero baino hobeto geratu gara».

Txapelketara joaterakoan helburua ahal zen ondoen egitea zen eta gero ikustea zer emaitza jasotzen zuten. Aurten ekonomikoki nahiko garestia zen lehiaketan parte hartzea eta normalean baino jende gutxiago joan da. «Baina, 2019an egin zen azken txapelketako txapeldunak bertan zeuden eta beraiekin lehian izan gara lehen postua lortzeko. Horrek esan nahi du hor gaudela», azaldu du Saralegik. Hain justu, herbeheretarrak gailendu ziren berriro, eta hirugarren zein laugarren postuan Poloniako bi bikote sailkatu ziren. Podiumetik gertu ibiltzea espero zuten eta Europako bigarren egitea beraientzako pauso handia dela diote.

Varsoviara aurreko ostegunean iritsi ziren, aurretik bi PCR test pasa ondoren. Polonian bertan beste test bat pasa behar izan zuten eta gero hotel batean sartuta egon ziren, burbuila egoeran. Larunbatean sailkapeneko proba izan zuten eta igandean finala. Bi egunetan bigarren egin zuten. Behin saioa egin ondoren, oso denbora gutxian jakiten dute zein den puntuazioa. Finalean jasotako emaitzarekin lehenengo jarri ziren behin behineko sailkapenean, eta bikote bakarra falta zenez parte hartzeko, ordurako jakin zuten gutxienez bigarren amaituko zutela. «Urduritasun handiko uneak izan ziren», gogoan du Regillagak. Hain justu, Regillaga ez zen guztiz gustura geratu egindako saioarekin, eta ez zen emaitzaren zain geratu. «Bukatzen dudanean beti pentsatzen dut ez dela ondo joan, eta finalean hori gertatu zitzaidan», esan du Regillagak. Saralegi geratu zen puntuazioaren zain, eta zilarrezko domina ziurtzat zutela ikusterakoan Regillagaren bila joan eta sekulako besarkada eman zioten elkarri. «Ordu askotako lana da eta pozgarria izaten da horrelako emaitza lortzen duzuenean», esan du Regillagak.

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, Europako Txapelketaren podiumaren aurrean.

MUNDUKO TXAPELKETA

Aurten Portugalen egingo dira Munduko Txapelketak, Lisboan. Bertara joateko aukeraketa Espainiako federazioak erabakitzen du, eta oraindik ez dute horren berri. «Gure eskuetan zegoen lana egin dugu, eta orain beraiei tokatzen zaie aukeraketa egitea», azaldu du Saralegik. «Eramaten bagaituzte saiatuko gara txapelketa horretan ere ahal dugun onena ematen».

Mundu mailan eta katen modalitatean Japonia da indartsuena, eta beraiek lortzen dituzte sari nagusi gehienak. Bestela, Europa da maila altuena duena. Regillagarentzat lehen Europako Txapelketa izan da eta Saralegirentzat hirugarrena, eta ez dira oraindik Munduko Txapelketa batean lehiatu. Aurten espero dute aukera hori izatea. Orain aste batzuk hartuko dituzte atsedenerako eta bitartean zain geratuko dira Lisboara joateko aukeraren berri izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!