Koronabirusa

Jaurlaritzak ez ditu gogortuko indarrean dauden neurriak

Ataria 2021eko uztailaren 7a

Goizean bildu da Labiren Aholku Batzordea, eta, Urkulluk jakinarazi berri du indarrean dauden neurriei eutsiko zaiela. Kaleko edana eta jende pilaketak sortzen dituzten «festak eta ez-festak» debekatuko dituzte, dekretu bidez.

Uda hasi berritan birusak izan duen bilakaera okerraren datuak mahai gainean dituela bildu da Labiren Aholku Batzordea gaur goizean, lehendakaritzako egoitzan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela egin dute bilera, eta Bizi Berri IV plana izan dute aztergai. Bilera amaituta, Urkulluk jakinarazi du indarrean dauden neurriei eutsiko dietela, eta beraz, ez dituztela gogortuko. Planean jasotzen diren hiru agertokietan, tentsiorik handiena dutenetan daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, baina bestelako aldagai batzuk kontuan hartu dituzte neurriak ez gogortzeko, hala nola, txertaketaren datuak eta ZIUetako egoera. ZIUetako egoerari dagokionez, une honetan lehen agertokian dago Euskal Autonomia Erkidegoa, eta beraz, Bizi Berri IV Planaren arabera, ez da behar neurriak gogortzea.

Hala, lehendakariak iragarri duenez, erabaki da ekaina amaieratik indarrean dauden neurriak ez gogortzea. Hori hala, establezimenduek goizaldeko 02:00etan itxi ahalko dute, eta ostalaritzan mahai bakoitzean sei pertsona eseri ahalko dira, orain arte bezala. Txokoek eta elkarte gastronomikoek irekita jarraituko dute, eta publikoa egon ahalko da kirol ikuskizunetan, baina edukiera mugatuta. Neurri horiekin batera, lehendakariak azpimarratu du dekretu batean jasoko dutela kaleko edana, eta jende pilaketak sortzen dituzten kaleko festak eta ez festak debekatuta egongo direla. Bihar sartuko dira indarrean neurriok.

Jarraitu Berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!