Iazko liga berdintzeko bidean doa Tolosaldea trainerua

Ataria 2021ko uzt. 6a, 19:59

Tolosaldea trainerua, igandean Sestaoko Udalaren bandera irabazi ondoren.

Asteburuan jokoan zeuden bi estropadak irabazi ditu eskualdeko traineruak, ETE ligako lehen postuan sendotuz.

Tolosaldea traineruak iaz sekulako denboraldia egin zuen ETE Ligan, hamabi estropadetatik bederatzi irabaziz, eta lehen postua nagusitasunez eskuratuz. Aurtengoan hori berdintzea oso zaila zen, baina bide beratik doaz eskualdeko traineruko arraunlariak. Asteburuan jokatutako bi banderak, Donibane Lohizunekoa eta Sestaoko Udalarena, bereganatu ditu Tolosaldeak, eta honenbestez egin diren bost estropadetatik lau irabazi ditu.

Naroa Leonet Tolosaldea traineruko arraunlaria oso pozik dago asteburuan lortutako garaipenekin: «Oso ondo entrenatzen aritu gara aste guztian zehar eta gogoz joan ginen. Bi estropada ezberdin izan ziren, bat itsasoan eta bestea ibaian, baina oso entrenamendu onak egin genituen bai astean zehar eta baita estropada egunetan ere, eta burua hotz mantenduz, gurea egitera atera ginen». Larunbatean, Donibane Lohizunekoan, hobeto aritu zirela dio: «Itsasoan beti beste arraunketa mota bat hartzen duzu, eta aurretik zoazenean aldearekin, gustura zoaz eta nekea gutxiago nabaritzen da».

Larunbatean bigarren postuan Hibaika helmugaratu zen, ia bederatzi segundora. Zumaia izan zen hirugarren, hamabi segundora, eta laugarren Deusto, 19 segundora. Igandean, Portugaleten egindako estropadan, bigarren izan zen Deustori sei segundoko abantaila atera zion Tolosaldeak. Hibaika izan zen hirugarren, zortzi segundora, eta laugarren Zumaia helmugaratu zen, ia 13 segundora. Bosgarren jardunaldiaren ondoren, Tolosaldea ligako lehen postua mantentzen eta sendotzen doa. Izan ere, 54 puntu ditu eskualdeko traineruak, eta bigarren doan Deustok 49 puntu ditu. Hirugarren doa Hibaika 45 punturekin, eta Zumaia laugarren, 38 punturekin.

Asteburuan beste bi estropada dituzte jokoan. Larunbatean Donostiako Kontxako badian jokatuko dena eta igandean Lekeitioko uretan egingo dena. Leonetek argi du: «Estropada guztiak irabaztera joango gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!