Alaitz Imazek irabazi du bakarkako sega liga

Ataria 2021eko uztailaren 6a

Hernialdetarraren atzetik geratu da Ainara Otamendi ibartarra. Gizonezkoetan, Mikel Lizartza tolosarra hirugarren izan da.

Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Liga irabazi du Alaitz Imaz hernialdetarrak, eta bigarren postuan sailkatu da Ainara Otamendi ibartarra. Etxalekun jokatu zen larunbatean hirugarren eta azken jardunaldia, eta Otamendik saioa irabazi bazuen ere, Imaz bigarren sailkatu zen, ligako lehen postua mantenduz. Sailkapen orokorrean Jugatx Agirre berastegiarra laugarren izan da eta Amets Otegi gazteluarra hamargarren.

Gizonezkoetan, Mikel Lizartza tolosarrak sailkapen orokorrean hirugarren egin du, Amaiur Arrospide leaburuarrak seigarren eta Joakin Garmendia anoetarrak bederatzigarren. Gizon gazteetan Iñigo Etxabe belauntzarra izan da lehenengo, eta Arkaitz Gabirondo gazteluarra bigarren. Auritz Alkorta asteasuarra izan da garaile mutil gazteetan, eta neska gaztetxoetan Izadi Arrospide leaburuarra izan da irabazlea eta bigarren postuan amaitu du Mireia Larreta leaburuarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!