ELKARRIZKETA

«Gazteon ahotsa ateratzeko modu bat da emanaldia»

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 10a, 07:58
Amaia Aizpurua eta Maitane Irurzun. I. SAIZAR

Uztailaren 2an Hondarribian estreinatu zuten Gazte izeneko ikuskizuna, eta asteburu honetan, igandean, Villabonako Errebote plazan izango dira, 19:00etan. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Eneko Gilen koreografiekin ondutako lana da. Oinkari dantza taldeko hamabi dantzarik hartzen dute parte, eta tartean dira Amaia Aizpurua (Zizurkil, 2003) eta Maitane Irurzun (Aduna, 2004) gazteak. Horiekin batera, Zigor DZ, DJ Martin Little eta Eneko Dieguez saxofonista izango dituzte lagun musikarekin.

Oinkari dantza taldeak eta Hika teatroak elkarlanean osatu duten hirugarren lana da Gazte kaleko antzerki dantza ikuskizuna; gazteak ditu oinarri lanak.

Zer lan daukazue eskuartean?

Amaia Aizpurua: Gu prestatzen ari garen emanaldi berri hau gazteen inguruko lana da. Gure bizipen pertsonalen ingurukoa da, zehatzago esateko. Bizipen pertsonal horiek kontatuz emanaldi bat sortzea izan zen Agurtzanek hasiera batean proposatu zigun emanaldia. Hortik hasi ginen sortzen, eta gazteen bueltakoa da.

Sortzeko prozesua, beraz, zuen esperientziak kontatzetik hasi zen.

Maitane Irurzun: Bakoitza nolakoa garen ezagutu zuten lehenik, eta hortik hasi zen guztia.

Bilera modukoak egin zenituzten horretarako? 

Aizpurua: Lehen entseguetan, bakoitzaren beldurrak, ilusioak, etorkizuneko ametsak kontatzen hasi ginen. Oinarri bat sortu zen hor, eta horri tiraka etorri da ondorengoa.

'Gazte' ikuskizunaren estreinaldiaren une bat, Hondarribian. EGOITZ BENGOETXEA

Kaleko antzerki-dantza ikuskizun modura definitu duzue obra. Antzerkitik ere badu? 

Irurzun: Bai, ahotsa izango du ikuskizunak. Testu dezente du gainera, beraz, entzutekoa ere izango da.

Aizpurua: Testuak dantzarion aldetik, eta Agurtzane zein Enekoren aldetik izango ditugu.

Gazteak zarete, beraz, protagonista. Agurtzane Intxaurragak esana da 'oilategi inperfektua eta errebeldea' zaretela. Horrela da? 

Irurzun: Bai, horrelakoak gara. Neurri ezberdinetan, baina denetik pixka bat badugula esango genuke.

Konformatzen ere ez omen zarete hain errazak. Zerekin ez zaudete bada konforme?

Irurzun: Gure artean desadostasunak atera dira zenbait gaiekiko: esaterako, hezkuntza sistemarekin ez gaude konforme, estereotipoak sortzearekin, etiketekin edota Mozal Legearekin berarekin ere desadostasunak ditugu.

Aizpurua: Aldarrikapen bat egin nahi dugu, gazteen ahotsa ateratzeko modu bat bezala erabili nahi dugu emanaldi hau, gauza desberdinak beste modu batera salatzeko.

'Gazte' ikuskizunaren estreinaldiaren une bat, Hondarribian. EGOITZ BENGOETXEA

Pandemian ere jomugan izan zarete gazteak. Zuek nola ikusten duzue?

Aizpurua: Gazteak gara, bizipen asko izan ditugu, baina oraindik gehiago bizi nahi ditugu. Esan nahi duguna da, ez gaudela konforme beti errua gurea izatearekin, eta emanaldi honekin esan nahi duguna da gazteak garela, bizitzaz disfrutatu nahi dugula eta jende ez hain gaztea ere disfrutatzera animatzen dugula.

Euskal dantza duzue abiapuntu, baina dantza garaikidea, gorputz mugimendua eta beste hainbat alor ere ukitzen dituzue.

Irurzun: Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta aritu gara eraikitzen, eta garaikidetik gauza dezente daude. Beste dantza motetatik ideiak hartuz sortu ditugu gauza ezberdinak.

'Gazte' ikuskizunaren estreinaldiaren une bat, Hondarribian. EGOITZ BENGOETXEA

Eneko Gil aritu da koreografiak lantzen. Zuek ere izan duzue ekarpenak egiteko tarterik? 

Irurzun: Berak izan du gidaritza, baina izan dugu aukera guk ere. Proposamen guztiak ongi etorriak izan dira.

Kasu honetan, musika ere ezohikoa izango da. Zer entzun ahalko da? 

Aizpurua: Hutsetik sortutako musika izan da, eta bide horretan gurekin izan dira Zigor DZ eta DJ Little Martin. Bi horiek gurekin izango dira emanaldian, eta Eneko Dieguez saxofoi jotzailea ere gurekin arituko da.

Ikuskizun berritzailea da? 

Aizpurua: Baietz esango genuke. Oinkari dantza taldearen ezaugarri nagusienetariko bat tradizioa oinarri izatea dela kontuan izanda, Hika teatroarekin egindako elkarlan honetan, bai dantza garaikidea eta baita musika berria ere izango ditugu eta giro oso desberdin bat erakutsiko dugu.

Kalean ariko zarete, kale ikuskizuna delako.

Aizpurua: Hikarekin batera egindako azken lana bezala, Sagartu izena duena, hau ere plazako emanaldia izango da, kalean egingo dena. Gehienbat egunez egingo ditugu, nahiz eta bat edo beste gauez izango diren. Sorpresa asko egongo dira.

Jantzi, objektu berezirik erabiltzen duzue?

Irurzun: Berezitasun batzuk izango ditu lanak, bai. Esaterako, Instagram kontuan aurreratu dugu takoidun zapatak erabiliko ditugula uneren batean. Sorpresak izango dira, espero gabekoak seguruenik, eta gustatuko direla uste dugu.

Aizpurua: Ezin dugu gehiegi aurreratu, baina jendeari esan nahiko genioke sorpresa gehiago izango ditugula eta gonbidatu egiten ditugu ikustera.

Prestaketak nola doaz? Noiztik ari zarete proiektu honekin lanean? 

Aizpurua: Lehengo urtean hasi ginen, urri inguruan. Guretzat dantza hobby bat da, ez gara dantzari profesionalak, eta gure bizitza pertsonalarekin uztartu behar izaten dugu, izan ikasketekin edota lanarekin. Ordu asko dira, sakrifizio asko, prozesu gogorra da, baina guri benetan dantza egitea gustatzen zaigulako hartu dugu parte proiektu honetan. Erronka pertsonal bat izan da, eta emaitzak merezi izan du.

Irurzun: Prozesuan zehar gorabehera asko izan ditugu; izan ere, ez gaude ohituta horrelako proiektuetara. Ordu asko dira, elkarbizitza txiki bat sortu dugu taldean eta gorabehera asko izaten dira, baina emaitzan pentsatzen jarri eta aurrera jarraitu nahi duzula argi ikusten genuen.

'Itsasoaren emazteak', 'Sagartu' eta 'Gazte'. Badute zerikusirik hirurek? 

Aizpurua: Hainbat antzekotasun izan ditzakete: Itsasoaren emazteak ikuskizunarekin gutxiago, Sagartu-rekin agian gehiago, eszenografiari dagokionez, baina hirurak oso desberdinak dira, eta zabaldu nahi den mezua ere erabat desberdina da.

'Gazte' ikuskizunaren estreinaldiaren une bat, Hondarribian. EGOITZ BENGOETXEA

Villabonan bertan eskainiko duzue emanaldia, herrian bertan. Bereziagoa izango da? 

Irurzun: Herrian bertan dantzatzeak beti eragiten dizu barruan halako sentsazio bat, ezagunak daude aurrean, eta presioa edo urduritasun handiagoa izan zenezake. Baina, batez ere, ikusleek ematen dizkiguten animoetan dago gakoa, beraiek disfrutatzen ari direla ikusteak, guk ere disfrutatu araztea dakar.

Aizpurua: Gainera, herriko ikusleei, Oinkari dantza taldearen izena entzunda, zerbait tradizionalagoa etorriko zaie burura, nahiz eta Hikarekin egindako aurreko kolaborazioak bestelakoak izan. Nik uste ez dutela inondik inora espero eskainiko dugun lan berri hau.

 

'GAZTE'
OINKARI DANTZA TALDEA ETA HIKA TEATROA

 

Zuzendaritza eta Dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga.

Koreografia: Eneko Gil. Testuak: Agurtzane Intxaurraga.

Dantzariak: Lierni Kamio, Aiora Escudero, Fermin Escudero, Gorka Duran, Amaia Aizpurua, Beñat Monfort, Maitane Irurzun, Izaskun Aizpurua, Aimar Garaiar, Lide Bengoetxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!