Hirugarren bandera lortu du Tolosaldeak

Ataria 2021eko uztailaren 3a

Pixkana iazko denboraldi izugarria berdintzen ari dira Tolosaldea traineruko arraunlariak. Gaur Donibane Lohizuneko bandera irabazi dute, eta ETE Ligako lehen lau banderetatik hirugarrena eraman dute.

IV. Donibane Lohizuneko Estropada zegoen gaur jokoan, eta beste behin Tolosaldea trainerua gailendu da. Iaz hamabi banderetatik bederatzi lortu bazituzten, aurtengoan lau estropadetatik hiru irabazi dituzte oraingoz. Gainera, gaurkoan dezenteko abantaila lortu dute TAK klubeko arraunlariek. Tolosaldeak 10.55,40ko denbora egin du, eta bigarren izan den Hibaikari ia bederatzi segundoko abantaila atera dio. Zumaia izan da hirugarren, hamabi segundora eta laugarren Deusto helmugaratu da, 19 segundora. 

Laugarren jardunaldiaren ondoren Tolosaldeak ligako lehen postua sendotu du. 43 puntu ditu eskualdeko traineruak, eta bigarren doan Deustok orain 39 puntu ditu. Hirugarren doa Hibaika 36 punturekin, eta Zumaia laugarren, 30 punturekin.

Bihar goizean izango dute ETE Ligako bosgarren estropada, III. Sestaoko Udalaren Bandera, Portugaleten jokatuko dena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!