Euskotren eta Eusko Label ligak hasiko dira asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 1a, 14:59
Orioko emakumezkoen trainerua, iazko Kontxako Banderan.

Arrauneko maila nagusiko Euskotren eta Eusko Label ligak asteburuan hasiko dira, bi jardunaldi izango dituen eta Coruñan jokatuko den estropadarekin. Larunbatean jokatuko da lehen jardunaldia eta bigarrena igandean izango da. Eskualdeko 19 arraunlari daude bi ligetan.

 Emakumezkoen Euskotren Ligan iaz aritu ziren eskualdeko zortzi arraunlariek jarraitzen dute, baina aldaketa nabarmen bat izan da, Nerea Perez patroia Hondarribiko trainerutik Donostiarrakora pasa delako. Gizonezkoen Eusko Label Ligan, 11 arraunlari izango dira. Aurpegi berriak ere badira, Donostiarran Andoni Bartolome eta Endika Garcia de Iturraspe tolosarrak, Ondarroan Xabier Zabala adunarra eta Orion Ugaitz Mendizabal irurarra. Mikel Lasa tolosarra baja da Ondarroako trainerutik.

Nerea Perez bi urtez Hondarribian egin ondoren joan da Donostiarra trainerura. «Donostiarran San Juan traineruan egon ziren arraunlariak daude, bertan bost urte pasa nituen, eta berriz ere beraiekin arraun egiteko aukera izanik, ez nuen bi aldiz pentsatu», azaldu du patroi tolosarrak. Euskotren Liga aurten «inoiz baino zailagoa» izango dela esan du Perezek: «Sentsazioa da larunbatean lehen postuan gera zaitezkeela, eta igandean laugarren lasai asko. Beraz, liga polita izango da ikusteko, baino gogorra bertan egoteko». Hori arrazoitzeko, denboraldi-aurrean denetariko emaitzak izan direla gaineratu du.

ESKUALDEKO ARRAUNLARIAK

Euskotren Liga

  • Arraun Lagunak. Maider Zumeta (Ibarra) eta Ane Sanchez (Anoeta).
  • Donostiarra. Olatz Lopez (Tolosa), Naroa Urkola (Anoeta), Ioana Alijostes (Tolosa), Irati Larrañaga (Tolosa) eta Nerea Perez (Tolosa).
  • Orio. Ohiane Iraola (Tolosa).

Eusko Label Liga

  • Donostiarra. Joseba Larrarte (Villabona), Endika Lopez (Tolosa), Andoni Bartolome (Tolosa) eta Endika Garcia de Iturraspe (Tolosa).
  • Hondarribia. Jon Lizarralde (Tolosa).
  • Ondarroa. Eneko Zabala (Aduna) eta Xabier Zabala (Aduna)
  • Orio. Ugaitz Mendizabal (Irura)
  • Zarautz. Ion Jauregi (Tolosa), Xabier Ormazabal (Tolosa) eta Martin Rekondo (Larraul).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!