Elkarrizketa

«Urte hauetan egindako lagunekin geratzen naiz»

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 30a, 19:59

Taldekideak Aiora Galarza airean ibiltzeb, etxean jokatutako azken paridaren ostean. LEYRE CARRASCO

Hamabi urte egin ditu futbolean jokatzen Aiora Galarzak (Amezketa, 1995) Tolosa CF klubean, azken zortziak lehen taldean. Amaitu berri den denboraldia bere azkena izan da.

Zer dela eta utzi duzu futbola?

Urte asko izan dira, eta uste dut iritsi dela atzetik datozenei aukera bat emateko ordua. Urte horiek ere pisatu egiten dute eta neke bat sortu. Uste dut badela beste gauza batzuk probatzeko garaia.

Noiz hasi zinen Tolosan jokatzen?

14 urterekin hasi nintzen, kadeteetan, eta azkena hamabigarren denboraldia izan da. Talde nagusian zortzi denboraldi egin ditut. Txikitan Amezketan eskola kirolean hasi nintzen futbolean, mutilekin. Gero DBH egitera Alegiara joan nintzen, eta hor Intxurren hasi nintzen, bi urtez infantiletan eginez. Gero kadeteetan ez zegoen orduan talderik eta hurrengo pausoa Tolosa izan zen.

Azken urteetan kapitaina izan zara, gainera. Zer suposatu du horrek?

Bada ardura pixka bat. Taldera iristen diren gazteagoei laguntzea, denak taldearen parte sentitzea, eroso sentitzea, eta talde giro horretan denei laguntzea. Hori da ulertzen dudana kapitaina izatearekin, bai zelaiaren barruan eta baita kanpoan ere: jendea taldearen parte eta gustura sentitzea.

Futbola eta Tolosa CF parte garrantzitsua izan da, beraz, zure bizitzan.

Bai, noski. Ia bizitza erdia da. Parte batean naizena naiz hor bizi izan dudan guztiagatik. Urte asko dira, jende asko ezagutu dut, gauza asko bizitu ditut, eta uste dut nire bizitzako etapa inportante bat izan dela.

Taldeari dagokionez, azken bi urteak 1. Maila Nazionalean egin dituzue. Nola duzu gogoan, esaterako, igoera?

Oso urte polita izan zen. Aurreko urtea ere nahiko ona izan zen, uste dut hirugarren egin genuela, ezustean. Igo ginen urtean ea aurrean egoteko gai ginen ikusi nahi genuen, oso ondo hasi ginen eta horrek konfiantza eman zigun. Nire kasuan, denboraldi erdian lesioa izan nuenez, ezberdina izan zen, harmailetatik bizitzea tokatu zitzaidalako. Gainera, ia denak txikitatik Tolosan hazitakoak ginen, eta uste dut oso momentu politak izan zirela.

Eta azken bi urte hauek nolakoak izan dira?

Lehenengoa nahiko zaila izan zen. Asko kostatu zitzaigun maila berrira moldatzea. Saltoa atzeman zen. Gero, salbatu ginen denboraldia bertan behera geratu zelako. Denboraldi honetan, hasieran bai kostatu zitzaigula partidak irabaztea, baina lehen faseko bigarren itzulia oso ona izan zen, eta horrek konfiantza handia eman zigun. Gero ez dugu zorte handirik izan lesioen aldetik, baina taldeak asko borrokatu du, eta naiz eta emaitzak oso onak ez izan, lanean berdin-berdin jarraituko dugu. Taldeak konfiantza zuen eta giro ona geneukan. Hori izan da gakoa, nola bizitu dugun, elkarri nola animatu eta lagundu diogun, gero emaitzak iristeko.

Zer bizipen nabarmenduko zenuke?

Igoera-eta ospakizun oso politak izan ziren, eta horiekin beti gogoratuko gara. Baina orokorrean urte guzti hauetan jende asko ezagutzen duzu, beti daude momentuak gehiago edo gutxiago gogoratuko dituzunak, baina azkenean jendearekin geratzen naiz. Urte hauetan egindako lagun guztiekin geratzen naiz, batzuk betirako izango direnak, eta garrantzitsuena hori da.

Emakumezkoen futbolean aldaketak ikusten ari zara azkenaldi honetan?

Ni hasi nintzenetik Tolosa CF-n bertan eta orokorrean gauza asko aldatu dira, hobekuntza asko egin dira. Uste dut bide onetik doala baina gauza asko daude egiteko. Emakumeek aukera berdinak izatea eskatzen dugu eta ikusgarritasuna ematea.

Futbolarekin lotuta jarraituko duzu?

Printzipioz ez. Futbola gustatzen zait eta asko bizitzen dut, eta taldekide ohiak ikustera etorriko naiz eta pixka bat sufritzera, baina printzipioz ez dut horrekin lotutako ezer egingo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!