ERREPORTAJEA

Errepidean ahaldunduz

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 2a, 07:59
Izena emana duten 80 emakumek irteera ezberdinak egin dituzte. ATARIA

Maiatzetik Emakumeak Errepidera proiektua martxan dago, eta 80 emakume astero-astero errepidera ateratzen dira hiru taldetan banatuta; Leire Olaberria ikaztegietarra da proiektuaren sortzaileetako bat, eta Arantzazu Azpiroz berastegiarra laguntzaile lanetan dabil.

Emakumeak Errepidera proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste hainbat eragilek babestu dute, eta maiatzean jarri zuten martxan. Uztailaren 11n Donostian egingo den zikloturista martxarekin amaituko dute, eta 80 emakume ari dira parte hartzen. Emakumeak daude proiektuaren gidaritzan eta emakumeentzat pentsatua dagoen ekimena da. Leire Olaberria txirrindulari ikaztegietarra dago Emakumeak Errepideraren atzean, eta alboan du profesional garaian lehiatzen batera ibili zen Chari Rodriguez. Andorran honelako proiektua izan du martxan, eta Gipuzkoara, nolabait, Rodriguezek ekarri duela azaldu du Olaberriak.


Martxan jarri zutenetik alboan dituzte txirrindularitza munduan ibiliak diren emakumeak, besteak beste, Lierni Lekuona edo Ekhiñe Rivas, eta tartean da Arantzazu Azpiroz berastegiarra ere. Egun batean Chari Rodriguez lagunak deitu ziola ekarri du gogora Azpirozek, berarekin kontatu nahi zuelako. Laguntzaile moduan dabil: «Charirekin eta Leirerekin egon nintzenean oso proiektu polita iruditu zitzaidan». Baina, «momentua iritsi arte ez duzu ikusten zer-nolako proiektua atera duten, eta egia esan oso polita da», esan du.

Leire Olaberria: «Bagenekien asko direla kirola egin nahi duten eta lehiatzea gustatzen ez zaien emakumeak, eta beraiek ziren gure helburu»


«Inguruan izan diren emakume txirrindulariak daude lidergotzan eta erreferente gisa. Jende askoren artean egiten ari garen lana da», azpimarratu du Olaberriak, eta nabarmendu du, «Gipuzkoako federazioa errekurtso aldetik babes handia ematen ari zaigu». Errepidera ateratzen diren egunetan taldeetan doazela kontatu du, baina federazioko autoekin babestuta dabiltzala: «Jende asko hartzen dugu, eta jendea behar genuen emakume horien beharrak behar bezala betetzeko».


Abiapuntu polita iruditu zitzaien 80 emakumeak elkartu, eta Donostiako Belodromotik ematea hasiera proiektuari. Maiatzaren 22an hasi eta uztailaren 11n bukatuko dute, eta tartean, larunbatetan egin dituzte irteerak. Donostia eta Tolosaldea inguruko ibilbideak aukeratu dituzte, bai hasiberriekin edo erronka handiagoak dituztenekin aritzeko. Biharkoa izango dute zikloturista martxa egin aurreko azken irteera. Tartean, ordea, tailerrak ere jaso dituzte emakumeek, asteazkenetan. «Izena eman zuten momentuan zer ikasi nahi zuten galdetu genien», esan du Olaberriak. «Bizikleta zaintzen jakin behar da, eta ezagutu behar den gailu bat da guztiontzat», dio. Hori horrela, mekanikako tailerrak izan dituzte, teknikako lanak egin dituzte, nutrizioa jorratu dute edota irteera seguru bat egiteko zenbait ideia jaso dituzte. «Nahiko programa osoa osatu dugula iruditzen zaigu», onartu du txirrindulari ohiak. «Beraien jakin-nahia asetzea genuen helburu, eta poliki-poliki eta astero-astero ari garela hori lortzen uste dut».



Proiektua martxan jartzea erabaki zutenean ez zekitela zein erantzun izango zuen kontatu du ikaztegietarrak, baina harrera «oso ona» izan duela adierazi du. «130 bat eskaera izan genituen, eta 80 plaza horiek segituan bete ziren». Honelako zerbait egiten duten lehen aldia izanik, ez zuten hartu nahi izan egin ahal dutena baino lan gehiago. Esperientzia «izugarri aberatsa eta polita» izaten ari dela dio: «Bai izena eman dutenentzat eta baita antolatzaile bezala guretzat ere».

80 plaza ireki zituzten «bizikletan ibili nahi zuen guztiarentzat», eta bukaerako helburu moduan, hilaren 11n egingo den Donostiako zikloturista prestatzea dute. Jendea «gogotsu» dagoela azpimarratu dute, eta egun horretarako azken prestaketak egiten ari direla.

Arantzazu Azpiroz: «Oso gustura pasatzen dut, eta beraiengandik jasotzen dudana oso pozgarria da»

80 emakumeren artean, hogei inoiz bizikletan ibili gabeak direla zehaztu du Olaberriak: «Beste 60ak gehiago ibilita daudenak dira, eta zikloturista martxak dituen 140 kilometro horiei aurre egiteko gai direnak».

Hiru taldetan banatu dituztenez, «talde horietan laguntza behar da, batez ere, erakusteko eta beldurra galtzeko, eta gu beraien babesa gara», azaldu du Azpirozek. Urte askotako esperientzia du berastegiarrak, eta dakiten hori erakusten ahalegintzen dira: «Hogei bat ia bizikletan ibili gabeak dira, eta erronka izan da; guretzat oinarrizkoa dena, beraientzat mundu bat da, eta asko eskertzen dute».

Proiektuari amaiera emateko asko falta ez bada ere, dagoeneko egina duten bidearen balorazio «oso ona eta aberatsa» jasotzen ari direla onartu du Olaberriak. «Irribarretsu ikusten ditugu» dio, eta «lehen egunean etorri zirenean zeuzkaten zenbait beldur eta zenbait muga gainditzen laguntzen ari gara». Zehazki horixe zuten proiektuaren helburu, eta Azpirozek gehitzen du: «Polita da nola eskertzen duten sentitzea, eta zer-nolako poztasunarekin dabiltzan ikustea, eta aldi berean gu ere horrela gabiltza».



Emakumeak errepidera proiektuaren zergatiari buruz galdetuta, «behar bat sumatzen genuen», dio ikaztegietarrak, eta «egin ahal izateko osagaiak ikusten genituen».

Lehiaketako txirrindularitzaz gain, azken urteetan emakumeen kopurua errepidean asko handitzen ari dela ikusi dute bi txirrindulari profesionalek. Hala ere, bultzada baten «beharraz» aritu da Azpiroz, «beraien erara irteteko eta beldurrik ez izateko». Era berean, «errepidea eta bizikleta kontuz egin beharreko zerbait da; trafiko araudia, bizikletak berak ere zailtasun batzuk baditu, eta bazeudela zenbait muga ikusten genuen», gogora ekartzen du Olaberriak. Nahiz eta, gaur egun, jada emakume asko ikusi errepidean, gehiago bultzatzeko aukera badela uste dute, eta horretara etorri da proiektu berria. Helburuen artean jarri dituzte bultzada ematen laguntzea eta elkarrekin ibilbidea egitea, eta batez ere, «lehiatzea gustatzen ez zaion emakume txirrindularien komunitatea bat sortzea».

Hogei urteren bueltan dago emakume gazteena eta 53 bat urteren bueltan helduena. Ama-alabak ere badira tropelean. Gehienak gipuzkoarrak izanagatik ere, taldean bada bizkaitar eta arabarren bat ere. Kopururik indartsuena 20-30 urte artekoena dela zehaztu dute. «Lehendik ere bagenekien asko direla kirola egin nahi duten eta lehiatzea gustatzen ez zaien emakumeak, eta beraiek ziren gure helburu», argitu du Olaberriak.

Esperientzia «aberasgarria»

«Beraiekin asko ikasteaz gain, oso momentu onak pasatzen ari gara», esan du ikaztegietarrak. Pertsonalera begiratuta esperientzia aberasgarritzat du Azpirozek. «Zauden taldean zaudela, oso gustura pasatzen dut, eta beraiengandik jasotzen dudana oso pozgarria da». Etxera itzulitakoan bete egiten dute konpartitutako momentuek.



Proiektuak bilakaera ona izan dezan Olaberriak azpimarra jarri du emakumeen arteko sarea sortzean, eta baita bakoitzari zegokion mailako taldean kokatzean ere. Hiru taldetan banatuta, elkarren arteko harremanak sortu dituztela aurreratu du, eta nahiz eta, antolatzaileek irteerarik ez antolatu, parte hartzaileak elkarren artean geratzen hasiak direla kontatu du: «Hori da sortu nahi genuena eta hori da gertatzen ari dena». Saretzea aipatu du laguntzaileak ere, eta jada taldeetan ikusten dutela inguruko herrietakoak direnak nola elkartzen diren errepidera ateratzeko.

Proiektuak arrakasta izan duela dio Azpirozek: «Pertsonalki ez nuen espero honelako arrakasta izango zuenik». Eta gainera, errepikatzeko modukotzat du eta honekin jarraitzeko aukerak ikusten ditu: «Jendea gogoarekin geratzen da, eta guk ere esaten dugu pena ematen digula bukatzeak; hau bukatutakoan zer?».

Amaitu ostean baloratu beharko dutela azaldu du Olaberriak, baina Azpirozen iritzi bera du, eta proiektuari etorkizuna ikusten diote, eta errepikatzeko modukoa dela dio. Hori bai, lan asko dituzte esku artean, eta gisa honetako proiektuek «gauzak ondo egin ahal izateko» denbora eskatzen dutela esan du, baina errepikatzea gustatuko litzaiokeela ere aitortu du. «Orain artean bizikletaz gozatu badute, hemendik aurrera askoz arrazoi gehiago dauzkate gozatzen jarraitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!