Azkenean heldu da urteko festa egun handia. Leaburu-Txaraman, Asteasun eta Tolosako Urkizu auzoan ahal izan duten neurrian ospatu dute San Pedro eguna. Azken asteburuan egitarau betea izan duten arren, ekitaldi ugari izan dira gaur. Urkizun, esaterako, hamaiketakoa egin dute, meza nagusiaren ondoren. Leaburu-Txaraman ere, behin meza amaituta, ostatuan bildu dira herritarrak hamaiketakorako.
Leaburuko hainbat gaztek adierazi dute, "ezberdinak" izan direla aurtengo festak. "Urte osoan ez dira ekitaldi asko izaten herrian, eta beraz, pozik gaude aurtengo egitarauarekin. Gainera, adin tarte guztietako herritarrentzako izan dira ekitaldiak". Aitortu dutenez, Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa saioa gustatu zaie gehien.
Asteasuarrak ere ez daude kexatzeko. Musika emanaldiak, herri kirol jaialdiak eta bertso saioa izan dituzte gaur. Atzo gauean, gainera, herriaren izena daraman kantua aurkeztu zuten. "Herriko musikari eta talde ezberdinekin osatu da. Herri musikaria da gurea, eta herritarrek zainetan daramate musika", adierazi du Ramon Aiertza zinegotziak. Bideo batekin aurkeztu zuten abestia, eta aitortu duenez, "herritar ugari" inguratu zen aurkezpenera.
San Pedro festen bueltako ekitaldi guztiak, ordea, edukiera mugatuarekin antolatu behar izan dituzte. "Herritarrei errespetuz joka zezaten eskatu genien, eta hala ari dira". Aiertzak, ordea, larunbat gauean gertatutakoa gaitzetsi nahi izan du. "Jende dezente inguratu zen ondoko herrietatik, elkarrekin biltzeko, udalak antolatutako ekitaldietatik kanpo". Azkenean, ez zen ezbeharrik gertatu. "Festak gozatzeko dira, eta elkar lagunduz gero, guztia hobeto aterako da", gogorarazi du. Bai Asteasun, bai Leaburu-Txaraman, baita Urkizun ere, hurrengo urtean sanpedroak normaltasun osoz ospatzeko esperantzarekin zeuden herritarrak.