Hirutik bi, Tolosaldearentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko ekainaren 28a

Pasaian jokatu zen ETE ligako hirugarren estropada; eskualdeko arraunlariak izan ziren berriz onenak, Deusturen aurretik.

Igandean jokatu zen IX. Pasaiako Bandera estropada, ETE ligako hirugarrena. Tolosaldea trainerua Deusturekin sailkapeneko lehen postua partekatuz heldu zen Pasai Donibaneko badiara, denboraldiko lehen asteburuan erakutsitako sendotasuna mantentzeko gogoz. Estropada eremua ez zen zailtasun handikoa; arraunean aritzeko baldintzak, ordea, ez ziren gustukoenak, eta euria eta haize hotza izan ziren aurkari arriskutsuenak.

Baina, eguraldi petralari ere aurre egiteko gai direla erakutsi zuten neskek. Hirugarren txandan irten ziren, aurreko denbora guztiak ezagutzen zituztela. Hala ere, aurkarien markei jaramon egin gabe, euren estropada egitera irten ziren, eta nabarmen geratu zen hori lehen ziabogaren ondoren, bigarren luzean lortu baitzuten lehen alde txikia.

Lehen ziabogan, 3:21eko denbora markatu zuten Tolosaldeak, Deustuk eta Hibaikak, San Juan segundo batera zutela. Bigarren ziabogan, berriz, hiru eta sei segundoko aldeak lortu zituen eskualdeko traineruak, hurrenez hurren, Deustu eta Hibaikarekiko. Azken luzean, gainera, aldeak handitzea lortu, eta 11 minutu eta 2 segundoko denborarekin helmugaratu zen Tolosaldea. Deustu izan zen bigarren, lau segundora, eta Hibaika hirugarren, zortzira.

Lehen hiru estropadak jokatu ondoren, bi bandera eskuratu ditu Tolosaldeak; Deustu aldera joan zen bestea. Bizkaitarrek, gainera, bigarren postua lortu dute beste bi estropadetan (Tolosaldea izan zen bigarren bestean); horri esker, puntu bakarrera dute lehen postua. Badirudi, beraz, Tolosaldea eta Deustu direla ETE liga irabazteko hautagaiak. Asteburuan bi estropada jokatuko dira: Larunbatean, hilak 3, IV. Donibane Lohizuneko Estropada, 16:30ean hasita; igandean, hilak 4, berriz, III. Sestaoko Udaletxea Bandera, 10:30ean hasita.

ETE LIGAKO SAILKAPENA

1. Tolosaldea. 32 puntu.
2. Deustu. 31 puntu.
3. Hibaika. 26 puntu.
4. San Juan. 23 puntu.
5. Zumaia. 21 puntu
6. Ondarroa. 19 puntu.
7. Isuntza. 16 puntu.
8. Lutxana AE. 11 puntu.
9. Zarautz. 10 puntu.
10. Lapurdi. 6 puntu.
11. Castro. 3 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!