Altuna III.ak aurrera, Peña II.ak ez

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 28a, 14:59

Asteburuan, Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako kanporaketak jokatu dira. Amezketarrak sufrituta irabazi zion Salaberriari; tolosarrak ezin izan zuen Laso garaitu.

Ostiralean, Jokin Altunari omenaldia egin aurretik, Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenetako partida jokatu zuten Peio Etxeberriak eta Dariok, Amezketako Larrunarri pilotalekuan. 22 eta 16 irabazi zuen Etxeberriak. Bera zen faboritoa eta uneoro aurretik joan zen markagailuan, baina errioxarrak ez zizkion lanak erraztu.

Larunbatean, bi partida gehiago jokatu ziren Leitzan, Baikoko pilotarien artekoak. Lehen partidan, Bengoetxea herritarrak ezin izan zion Agirreri aurre egin, eta 22 eta 11 nagusitu zen gaztea. Bigarren partidan, Peña II.a tolosarrak jokatu zuen, Lasoren aurka. Partida parekatua izan zen, tentsio handikoa; Peña, gainera, zigortu egin zuten tanto batean, atxiki egiteagatik. Amaieran, 22 eta 17 galdu zuen. Lasok, Urrutikoetxearen aurka jokatuko du final-laurdenetako partida, eta irabazten duenak Agirreren aurka jokatuko du finalerdia.

Beste finalerdia, Aspeko pilotarien artekoa, atzo erabaki zen, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Bosgarren edizioz jarraian, Altuna III.a eta Ezkurdia ariko dira aurrez aurre, finalerako postu baten lehian. Amezketarrak, ederki sufrituta eta 15 eta 6 galtzen joan ondoren, 22 eta 19 irabazi zion Salaberriari. Arbizuarrak, berriz, lehen zati bikain bat egin ondoren eta aurkariak baino tanto gutxiago galdu ondoren, 22 eta 15 irabazi zion Peio Etxeberriari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!